Itxi

telebista

Saria

Kike Amonarrizek 2015eko Anton Abbadia saria jaso du

A.E.

EiTB

Aurkezle eta soziolinguista ezagunak euskararen alde egindako lana gailendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

0:25

Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) soziologo eta ETBko aurkezle ezaguna nabarmendu du aurten Anton Abbadia sariak, landu dituen esparru anitzetan euskararen normalkuntzaren alde egindako lanagatik eta "euskara mezu baikorrekin, umorearekin eta imajinazioarekin lotuz" ekarpen izugarria egin diolako hizkuntzaren bizitasun eta aberastasunari. Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak egin ditu adierazpen horiek prentsaurrekoan, eta aurkezle eta gidoilari moduan telebistara eraman dituen euskarazko saio "arrakastatsu, gozagarri eta interesgarriak" ere azpimarratu ditu. 'Mihiluze', 'Tribuaren Berbak' eta 'Burubero' dira azken saioetako batzuk.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bi urtean behin ematen du Anton Abbadia saria, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Aurtengo edizioan, Iago Rey eskultoreak sortutako artelana jaso du Kike Amonarrizek sari gisara, Aldundiko Iargi aretoan egin den ekitaldian. Mikel Irizarrek eta Iago Reyk prentsaurrekoa eskaini zuten azaroaren 27an elkarrekin Gipuzkoako Foru Aldundian, 2015eko saridunaren berri emateko.

Irizarrek jakinarazi zuenez, Arantxa Urretabizkaiak, Jone Miren Hernandezek, Iban Arantzabalek, Maite Artolak eta (aurreko edizioan saritutako Ixa taldearen izenean) Arantxa Diez de Ilarrazak osatu dute aurtengo epaimahaia, eta Kike Amonarriz proposatu dute Anton Abbadia sariaren edizio honetarako, arrazoi ugari kontuan izanda. Batetik, soziolinguista gisa egindako lanen eta idatzitako artikuluen "sendotasunagatik"; eta, bestetik, telebistan euskara modu gozagarrian eta interesgarrian erakutsi duten saio ezberdinekin izan duen arrakasta aitortzeko.

"Landu dituen esparru guztiek euskara izan dute ardatz. Mezu baikorrekin, animosoekin, umorearekin eta imajinazioarekin lotuz, eta bereziki gazteei begira, euskara erabilgarri eta dibertigarri izan daitekeela erakutsi du, eta hizkuntzak behar duen bizitasuna eta aberastasuna sustatu ditu", adierazi du Irizarrek.