telebista
ETB1en eta ETB2n
Ingurumena hizpide, aste honetako 'Teknopolis' saioan
EITB
Iruñeko aireko kutsadura mapa egingo dute eta konposatu lurrinkorrak neurtzeko sistema ezagutuko dute.
-
Ekaitza eta euria Iruñean
Klimari buruzko Parisko Goi bilera hasiko denez, ingurumenarekin zerikusia duten azterketei buruzko saioa osatuko dute aste honetako 'Teknopolis'en.
Hasteko, Iruñeko kutsaduraren mapa egingo dute. Txirrindulari erabiltzaileen bidez Iruñeko aireko kutsadura-maila neurtzeko abian den proiektu bat ezagutuko du 'Teknopolis'ek. LIFE+Respira izena du eta Nafarroako Unibertsitateak gidatzen duen proiektua da. Maiatzean abiatu zen eta bi urte iraungo du. Lehen fasean, 150 txirrinduari boluntariok sentsorez betetako kutxa bat eramaten dute Iruñeko kaleetan zehar egiten dituzten joan etorrietan. Kutsadura neurgailuak bizikletetan eramaten dituzte eta neurtzen duten kutsaduraren datuak uneoro igortzen dituzte unibertsitatera. Ikerketak, besteak beste, bizikleta ibilbideetan edo autoz betetako errepideetan bizikleta gidariek arnasten duten kutsadura maila ezberdina ote den jakiteko balioko du. Neurketen helburua zehatza da: Iruñeko airearen kutsaduraren mapa egitea, eta Iruñeko trafikoaren plangintza eta kudeaketarako erabilgarria izatea.
Bestalde, konposatu lurrunkorrak neurtuko dituzte. Konposatu organiko lurrunkorrak, giro tenperaturan oso erraz lurruntzen diren sustantzia kimiko batzuk dira. Konposatu organiko lurrunkorren iturriak anitzak dira. Gasolioa, egurra, ikatza edo gas naturalaren errekuntzaren ondorioz sortzen dira, adibidez. Baina iturri naturalek ere isurtzen dituzte, landareek eta zuhaitzek esaterako. Horietako konposatu askok ingurugiroan eta pertsonen osasunean kalteak eragin ditzakete.
Iratxe Uria eta Maite De Blas Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumena saileko ikertzaileak dira eta konposatu organiko lurrunkorren iturriak errazago identifikatzeko sistema edo protokolo bat garatu dute, eta aste honetako 'Teknopolis'en azalduko dituzte.
'Teknopolis' larunbat honetan emitituko da, 13:30etik aurrera, ETB1en; eta 09:30ean, ETB2n.