Itxi

telebista

Gabon Gaua ETBn

Musika eta umorea, Gabon Gauaren ardatz

A.E./EiTB

'Herri Txiki Kantari Euskal Kantuen Gauean' saioa izango da ikusgai ETB1en, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadiren eskutik. ¡Turrón y cuenta nueva! umore saioa ETB2n, 'VS'ko lan-taldearekin.

Beste behin, urteko protagonistak kantuan ikusiko ditugu ETB1en Gabon Gauean. Oraingoan, 'Herri Txiki Kantari Euskal Kantuen Gauean' saioa izango da ikusgai ETB1en, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadiren eskutik, eta Mungian grabatutako saioan. Aurretik, Donostia Kantuan jaialdia izango dugu ikusgai Xabier Euzkitze eta Zuriñe Hidalgok aurkeztuta. ETB2n, berriz, 'Vaya Semanita'ko lan-taldeak '¡Turrón y cuenta nueva!' umore saioa prestatu du.

'Herri Txiki Kantari Euskal Kantuen Gauean'

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Mungian barrena abiatuko dira 23:10ean. Bertan, bi aurkezleen abenturak eta gorabeherak ezagutzeaz gain, euskal gizarteko aurpegi ezagunak ikusiko ditugu kantuan.

Zuhaitz eta Pagadi helburu garrantzitsu batekin iritsiko dira Bizkaiko herri honetara: Olentzero topatzea. Bilaketa horretan Mungian barrena arituko dira, bai herrian bertan eta baita inguruko baserrietan ere. Emanaldi nagusia Andra Mari aretoan egingo dute.

Euren ibilaldiaren berri ematearekin batera, kantariei oholtza gainera igotzeko gonbita luzatuko diete. Eginbehar horretan arituko dira bost alkate euskaldun: Juan Mari Aburtok (Bilbo), Joseba Asironek (Iruñea), Gorka Urtaraekn (Gasteiz), Michel Etchebestek (Maule) eta Eneko Goiak (Donostia) 'Bagare' abestuko dute.

Durangoko Azokaren 50. urteurrenaren harira, Aizpea Goenaga, Mariasun Landa, Gontzal Mendibil, Arantxa Urretabizkaia, Xabi Paya eta Zuriñe Hidalgo bilduko dituzte 'Euskal Herrian euskaraz' kantatzera.

Herri kiroletako desafioetan buru belarri aritzen diren lau lagun, Aitzol Atutxa, Joxe Mari Olasagasti, Irati Astondoa eta Alatzne Etxaburua, 'Maritxu' abesten entzungo ditugu. Oinatz Bengoetxea, Pablo Berasaluze, Iker Irribarria eta Joseba Ezkurdia pilotariek, berriz, 'Aldapeko' kantatuko dute.

Alex Sarduiren 'Euritan dantzan' kantarekin ausartuko dira Pasai Donibaneko neska arraunlariak. ETB1erako grabatzen ari den 'Eskamak Kentzen' telesaileko protagonistetako batzuk, Elena Irureta, Loli Astoreka, Karmele Larrinaga, Amaia Irazabal eta Ainara Ortegak 'Beti eskamak kentzen' kantatuko dute.

Bi sukaldari arituko dira Gabon Gaueko berezian kantuan, David de Jorge eta Ramon Roteta, 'Txantxibiri' ezagunarekin. Eta hainbat ETBko aurkezle ere bai: Zea Maysen 'Negua joan da ta' eskainiko digute Ibon Gaztañazpik, Olga Zabalgogeaskoak, Xabier Lapitzek, Klaudio Landak, Julian Iantzik, Ana Urrutiak eta Jose Ituartek.

Halaber, Reyes Pradosek, 'Tú al Norte y Yo al Sur' realityan lehiakide izan diren Irati Amets, Ekain eta Maialenekin batera 'Nor nori nork' kantatuko du.

Oholtza gaineko emanaldiak ez ezik, aurrez grabaturiko bideoklipak izango dira ikusgai 'Herri Txiki Kantari Euskal Kantuen Gauean'. Bideoetako batek euskal futbol selekzioko ordezkaritza bat hartuko du protagonista: Iñaki Williams, Gorka Iraizoz, Asier Riesgo, Dani Garcia, Gaizka Toquero, Oier Sanjurjo eta Roberto Torres. 'Ikusi mendizaleak' kantatuko dute Joseba Irazoki musikariaren laguntzaz.

Baigorritik, Niko Etxartek, 'Eperra' eskainiko digu. Eta Leixuri Arrizabalaga (EAJ), Rebeka Ubera (EH Bildu), Nerea Llanos (PP) eta Gorka Maneiro (UPyD) legebiltzarkideek 'Kolore, kolore' abestuko dute.

24 ordu Herri Txikin izeneko bideoklipean, Otxandio, Mañaria eta Aulestiko herritarrak ikusiko ditugu Oskorriren 'Furra, furra' kantatzen.

Ekitaldiari amaiera emateko, parte hartzaile guztiek batera 'Olentzero' eta 'Hator, hator' gabon kantak abestuko dituzte Mungiako abesbatzako kideen laguntzaz.

Donostia Kantuan

Aurretik, 21:30ean, Donostia Kantuan, Kursaal jauregian grabatutako betiko euskal kantaz osatutako jaialdia, izango da ikusgai, Xabier Euzkitzek eta Zuriñe Hidalgok aurkeztuta. Eurekin batera, besteak beste, Urkok, Pantxoa Carrerek, eta Easo-Araoz eta Pasai Txiki abesbatzek parte hartuko dute.

¡Turrón y cuenta nueva!

'Vaya Semanita'ko lan-taldeak Gabon Gauerako umorez betetako saio berezia prestatu dute, ¡Turrón y cuenta nueva!, 22:00etan hasita. Esketx eta istorio dibertigarriak ekarriko dituzte Maribel Salasek, Asier Hormazak, Iker Galartzak, Andoni Agirregomezkortak, Diego Perezek, Humberto Gutierrezek, Miriam Cabezak, Leire Ruizek eta Unai Garciak osatutako lan-taldeak, Javier Garcia de Vicuñaren zuzendaritzapean.

Oraingo honetan, Nekane Amaya Olentzeroren laguntzaile bilakatuko da eta bere 'fregoneta'n opariak banatuko ditu. Goretik, berriz, Gabon Gaueko afaria prestatzen lagunduko du eta afari hori 'inperialista eta falokrata' ez izatea nahiko du. EAJren zuzendaritzak hauteskundeen ondoren 300 filmaren bertsioa prestatuko du. Bestalde, Bertin Osbornek Belengo estalpera bisita egingo du. Bizar Zuri, berriz, 'El Jefe infiltrado' saioan izango da ipotxen tailerrak nola funtzionatzen duen ikusteko.