Itxi

telebista

Eguberri eguneko programazioa

Kantak, dantzak eta afari berezia, gaur, ETBn

A.H. | EITB

Besteak beste, umeak protagonista izango dituen 'Olentzerori Kantuan' saioa eskainiko du ETB1ek. ETB2n, berriz, 'Downtown. Navidad con Fundamento' saioa emitituko da, Karlos Arguiñanorekin.

  • Olentzerori kantuan

    Olentzerori kantuan

Kanta eta dantza emanaldiekin batera, afari eta opari bereziak izango dira gaurko programazio berezian. ETB1ek Ilaski Serranok aurkeztutako 'Gabonetan Kantuz eta Dantzaz' ikuskizuna eskainiko du 21:00etan, eta ondoren, 'Olentzerori Kantuan' saio berezia eskainiko du, 22:00etan. Olentzerok, lehen aldiz, Euskal Herriko haurren eta pertsona famatuen opari musikatuak jasoko ditu.

ETB2n, Karlos Argiñanok oso afari berezia prestatuko du, konpainia ezin hobean, 'Down-Town. Navidad con Fundamento' saioan. Iñigo Hermoso eta Urtzi Urrutia izango ditu lagun, eta hainbat gonbidatu ospetsu izango dituzte. Afari bereziaren ondoren, 'Mocedades 15 años de historia' kontzertua eskainiko du ETB2k 23:00etatik aurrera.

'Olentzerori Kantuan', ETB1en

Oraingo honetan Olentzero izango da haurrengandik opariak jasoko dituena, izan ere, Euskal Herriko haurrek, pertsona famatuek eta pertsonaia mitologikoek Olentzerori opari musikatuak egingo dizkiote 'Olentzerori Kantuan' saioan, 22:00etatik aurrera. Umeak dira saioko protagonista nagusiak, eta besteak beste, Mungiako abesbatzako haurrak, FEDER gaixotasun arraroen elkarteko haurrak eta Hendaiako ikastolako haurrek parte hartuko dute.

Baina neska eta mutil hauek ez dira bakarrik egongo, ondorengoen laguntza paregabea izango dute: Kepa Junkera eta sorgiñak, San Jose, Etxeita eta De Marcos Athleticeko jokalariak, Xabi Solano (Esne Beltza), Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Arantza Garces eta Axi Muniain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia (Gorane eta Andoitz), Julen eta Antton Telleria, Zuri eta Thor Magoa, Sara Gandara eta Bera- Berako eskubaloi taldeko jokalariak, Xabier Saldias eta bere alaba, Iñaki Ortiz de Villalba (Betagarriko abeslaria), Algara dantza taldea, Maddalen Arzallus , Kutxi (Mareako abeslaria), Motxila 21, pertsonaia mitologikoak (Mari Teiletako, Galtzagorri, Basajaun, Tartalo, Lamiak...) hartuko dute parte bertan.

'Olentzerori Kantuan' saioaren aurretik, 'Gabonetan Kantuz eta Dantzaz' ikuskizuna eskainiko du ETB1ek gaueko 21:00etan. Ilaski Serranok aurkeztuko du emanaldia, eta honako hauek hartuko dute parte: Irrintzi dantza taldeak, Dantzaki dantza eskolak, Xabier Saldiasek eta Olatz Pratek.

'Down-Town. Navidad con Fundamento' ETB2n

21:45etatik aurrera, afari oso berezi, ezberdin eta dibertigarria prestatuko du Karlos Arguiñano sukaldariak ETB2n, 'Down-Town. Navidad con Fundamento' saio berezian. Bidaia-lagun onenak izango ditu alboan Karlosek saio honetan: Iñigo Hermoso eta Urtzi Urrutia.

Beraiekin batera, Ainhoa Arteta sopranoa, Javier Clemente entrenatzailea, Toti Martinez de Lezea idazlea eta Mikel Urmeneta Kukuxumusuko sortzailea izango dira gonbidatuak. Esperientzia ahaztezina izango da guztientzat, Eguberri eguna behar bezala ospatzeko modukoa.