telebista
'El Conquis'en 7. atala
Xabiren kanporatze susmagarriak are gehiago hondoratu ditu pirañak
Xabiren kanporatze arraroak eta Rikik saioa uzteak lur jota utzi du pirañen taldea. Patxi Salinas anakonda taldeko kapitainak bere karisma erakutsi du.
-
Rikik saioa utzi du, eta Xabi kanporatu egin dute. (Argazka: EiTB)
"El Conquistador del Amazonas" saioaren 7. atalean Xabi kanporatu dute dueluan, baina ez gara ohiko kanporatze batez ari; izan ere, kanpamentu oso txiroan sortutako trikimailu bat izan da. Rikik saioa utzita, piraña guztiek Xabi jarri zuten arriskuan, era arraro batean: indartsuena zela zioten batzuek, ahulena zela zioten beste batzuek, janaririk ez duela, ez direla berarekin ongi moldatzen… Xabik aurpegi arraroak jarri zizkion Juliani bileran, eta, bukatutakoan, Migo besarkatuta alde egin zuen. Susmagarria da, berak nafarra jarri baitzuen arriskuan. Ondoren, Peiok Migo hautatu zuen Xabiren aurkako duelua egiteko; hau da, bi indartsu aukeratu zituen buruz buru aritzeko. Hori al da taldea indartzeko estrategiarik onena? Bigarren sintoma. Ondoren, dueluan izango zituzten laguntzaileak aukeratu zituzten Xabik eta Migok, eta kapitaina (saihets-hezurretako mina du) eta Ainara hautatu zituzten. Ez al da arraroa? Azkenik, Xabi surflariak duelua irabazteko ahalegin handia egiten ari zela erakutsi nahi zuen, baina Migoren zain gelditu zen… Migo gehiegi luzatu zen uretan kanoarekin, eta agerian gelditu zen Xabik duelua galdu nahi zuela. Bukatzeko, Xabik erantzun bitxia eman zion Juliani aurkezleak purgatorioaz hitz egin zionean… Argi gelditu zen, bada, Xabik nahita galdu zuela duelua. Beno, batzuetan gertatzen da horrelakorik: lehiakide batzuk ez dira zuzenean saioa uztera ausartzen, eta plantak egiten dituzte, beraien kanporatzea hain agerikoa ez izateko. Dena den, gertatutakoa agerian gelditzen bada, protagonisten irudia kaltetu egiten da. Hori gertatu da Xabirekin, eta, batez ere, Peio Ruiz Cabestany kapitainarekin.
Piraña taldeko kapitaina bere unerik latzenean da; izan ere, badirudi ez dela gai zezenari adarretatik heltzeko. Badirudi tronkoala jokoa egin zutenetik bereak egin duela, baina oraindik ere taldea bide onetik zuzentzeko garaiz dago; hurrengo jokoa irabaztea funtsezkoa izango da. Patxi Salinasek dioen bezala, "joko bat irabaztea egunetik gauera igarotzea bezala da". Eta, anakonda taldeko kapitainaz ari garela, tronkoala jokoan izandako estualdia ahaztu eta lehiakide guztien artean izaera irabazleena berak duela erakutsi du Patxik. Zomorroen jokoaren protagonista bera izan zen, eta Igor garaitu zuen berdinketa hausteko azken saioan. Patxik karisma eta ausardia ditu, beta Igorrekin izan zuen erronka maila pertsonalera eraman zuen. Bere motibazioak emaitza onak eman zizkion, eta Igorrek burua makurtu zuen.
a makurtu zuen.