telebista
ETB1en eta ETB2n
Rakel Mateo protagonista, gaur, 'BAT To Rio' saioan
A.A. | EiTB
Hobetzeko eta arazoak gainditzeko kirolak eman dion aukeraz eta Rioko jokoetan duen helburuaz mintzatuko da triatloi egokituan lehiatzen den kirolaria.
-
BAT to Rio
Rakel Mateo, Rio 2016ko Paralinpiar Jokoetarako txartela oso gertu duen triatleta, hartuko du protagonista aste honetako 'BAT To Rio' saioak. Triatloi egokituan lehiatzen den mungiarraren ibilbidea ezagutzeko aukera izango dugu, bizitzan aurrera egiteko eta arazoak gainditzeko kirolak eman dion aukeraz, besteak beste. Saioa 12:30ean eskainiko da, ETB2n; eta 21:00etan, ETB1en.
Rakel Mateok anorexia izan zuen gaztaroan. Helduagoa zenean, berriz, hanka batean lesio larria eragin zion lan istripu bat. Ordura arte kirolik egiteko ohiturarik izan ez bazuen ere, istripuaren ostean entrenatzen hasi zen. Eta kirol jarduerari eta lehiaketei esker, hain zuzen ere, bere elbarritasuna onartu ahal izan zuen, eta gainera anorexia erabat gainditzeko ezinbestekoak izan ziren elikadura ohitura berriak hartu zituen. Elektronika tekniko gisa egiten du lan Lantegi Batuak-en, minusbaliotasunak dituzten pertsonen lan integrazioa bilatzen duen ekimen sozialean.
Rakel Mateo pista txirrindularitzarekin hasi zen kirol jardueran, baina orain dela bi urte egokitutako triatloira aldatu zen, Saiatu Fundazioaren taldera. Gaur egun bere helburu nagusia da 2016ko Rioko Paralinpiar Jokoetarako txartela ziurtatzea. 2015eko Europako txapelketan bereganatutako brontzea eta Munduko serietan eskuratutako urrea dira oraingoz bere lorpen azpimarragarrienak. Jokoen aurretik Sprint Buffalo City triatloian hartuko du parte martxoan, Penrith-eko (Ingalaterra) proban apirilean, Aguilas-eko (Murtzia) triatloian eta Lisboako Europako Txapelketan maiatzean, eta Strathclyde (Eskozia), Lekeitio eta Franciacorta-ko (Italia) probetan ekainean.