telebista
Apirilean
Nacho Vigalondori eskainitako zine zikloa, ETB1eko 'Zinez' saioan
A.H. | EITB
Fermin Etxegoienek aurkeztutako saioak Kronokrimenak, Estralurtarra eta Open Windows filmak eskainiko ditu hurrengo hiru asteetan.
Fermin Etxegoienek aurkeztutako 'Zinez' saioak Nacho Vigalondo zinegileari eskainiko dizkio hurrengo hiru astetako atalak, eta Kronokrimenak, Extralurtarra eta Open Windows filmak eskainiko ditu euskaraz.
Kantabriako Cabezón de la Sal herrian jaioa, Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen Vigalondok. Nahiz eta bere ikus- entzuneko ikasketak bukatu ez, film laburren sorkuntzarekin hasi zen, eta Goizeko zazpi-hogeita hamabost film laburrarekin 2004ko Oscar sarietarako izendapena lortu zuen.
Astelehen honetako 'Zinez' saioak bere lehen lan luzea eskainiko du: Kronokrimenak pelikula. Filmak zabalpen handia lortu zuen nazioartean, kritika onak, eta hainbat sari ere, besteak beste, Trieste eta Austin hirietako zinemaldietan.
Erronkei ekiteari gustatzen zaion zinegilea da Vigalondo: Kronokrimenak filmean denboran zehar eginiko bidaiak hartzen ditu abiapuntu, eta bere bigarren ekoizpen luzea, Estralurtarra pelikula, hain zuzen ere, estralurtarren etorrerarekin batera abiatzen da. Misterioa, intriga, sentsualitatea, absurdoa eta barne hausnarketa dira zientzia fikzioko komedia honen ardatzak, eta datorren astelehenean, apirilak 18an, eskainiko du 'Zinez'saioak.
Vigalondoren zine ziklo berezi honi amaiera jarriko dion filma, Open Windows izango da. Suspense film futurista da honako hau ere, baina aurreko Vigalondoren lanetatik bereizten da: ordura arte ez bezalako baliabide teknikoekin ingelesez filmatutako ekoizpen handia da, eta Eliah Wood eta Sasha Grey aktoreak ditu protagonista.
Kronokrimenak
Goya sarietan zinegile nobelaren izendapena jaso zuen Vigalondok bere lehen film luze honekin. Karra Elejalde eta Barabara Goenaga dira filmaren protagonistak eta denboran zeharreko bidaiak oso modu azkar eta berezian lantzen dituen umorez beteriko pelikula da.
Karra Elejalde -Héctor, filmean- etxeko lorategian dago, chaisse longue batean etzanda, eskuetan prismatikoak dituela, eta halako batean, ondoko basoan, neska gazte bat biluzten ari dela ikusiko du. Baina irudia berehala galduko du, eta neskaren bila abiatuko da basoan barna. Bertan, eraso egingo diote, baina ihes egitea lortuko du eta basoan bakarturik ageri den etxe misteriotsu batekin egingo du topo. Laborategi zientifiko arraroa topatuko du etxe barruan, eta denboran bidaia bat egiteko aukera jasoko du protagonistak. Bere benetako izaera ezagutzea, bidai horrek ekarriko dion lehenengo katastrofea baino ez da izango.
Estralurtarra
Julio -Julián Villagrán- bezperan ezagututako emakume gazte baten etxean zein ohean esnatuko da, Julia -Michelle Jenner- izeneko neskarenean, alegia. Julio berehala maiteminduko da, Julia, ez. Eta momentu arraro honetan, ezin izango dute etxetik irten, OVNI handi batek hiriko zerua okupatuta baitauka. Villagrán eta Jenner aktoreekin batera, Carlos Areces eta Raúl Cimasek osatzen dute aktore zerrenda bikaina.
Open Windows
Ingelesez filmatutako ekoizpen handia da Open Windows eta Elijah Wood eta Sacha Grey ditu protagonista. Nick izeneko mutila zorionekoa izango da, momentuko aktore kitzikagarriena, Jill Goddard, ezagutzeko aukera irabaziko baitu lehiaketa batean. Baina bat-batean, Chrod izeneko tipo batek, Jillek hitzordua bertan behera utzi duela esango dio Nick gizajoari. Etsipen horren ordain moduan, bere ordenagailu pertsonalaren bitartez aktorea espiatzeko aukera emango dio.
'Zinez' saioa astelehenero emititzen da 22:15etik aurrera ETB1en.