telebista
23:30, ETB1en eta online
Ipar Irlandako bizikidetzaren aldeko 'In Dialogue' dokumentala, ETB1en
A.H. | EITB
Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldian arrakastaz estreinatu ondoren, gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en egongo da ikusgai Hiriburutzaren 'Europa Transit' enbaxadak Belfasten grabatutako lana.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren 'Europa Transit' enbaxadaren baitan Belfasten egindako filma da In Dialogue, eta gaur ETB1ek estreinatuko du telebistan, 23:30ean. eitb.eus-en ere ikusgai egongo da, Donostia 2016ri eskainitako webgune berezian. Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldiaren baitan estreinatu zen In Dialogue pasadan astean, lehiaketatik kanpo. Xuban Intxaustik zuzendutako lanaren ardatza Sira Abenoza filosofoak gidatutako elkarrizketa-saioak dira, Ipar Irlandako gatazka politiko bortitzean aurkako izan ziren pertsonekin egindakoak.
Dokumental honek mahai beraren inguruan bildu zituen Ipar Irlandako gatazka ikuspuntu desberdinetatik bizi izan duten sei pertsona: Michael Culbert (IRAko kide ohia); Eibhlin Glenholmes (bere garaian, IRAko kide garrantzitsutzat jotzen zuen Gobernu britainiarrak, eta bilatuenetako bat izan zen; gaur egun, Ipar Irlandako hainbat adiskidetze ekimenetan murgilduta dabil), Winston Irvine (loialista); Jackie McDonald (unionisten talde paramilitarretako kide ohia); Lee Lavis (Armada britainiarreko soldadu ohia); eta Roger McCollum (Royal Ulster Constabularyko polizia ohia). Sira Abenoza filosofoaren gidaritzapean, elkarrizketa-ariketa batean murgildu ziren elkarrekin. Protagonisten hitzetan, "ezezagunerantz egindako bidea da" eta, aldi berean, "bakea eraikitzeko modu bakarra da".
Sira Abenoza filosofoaren ustez, gizartean sortutako gatazka gehienak elkarrizketa falta delako gertatzen dira. Espainian eta Erdialdeko Amerikan bere elkarrizketa sokratikoaren metodoa praktikan jarri ondoren, Ipar Irlandara joan zen Donostia 2016ren 'Europa Transit' enbaxadarekin, eta mahai beraren inguruan bildu zituen ordura arte ordu luzez solasaldi ireki batean parte hartzeko esperientzia inoiz izan ez zuten sei pertsona horiek.
Elkarrizketa-saio horien tartean (bost izan ziren, guztira hamar ordu baino gehiago), gatazkaren berri eman zuten kazetariekin eta biktimekin bildu zen Abenoza. Iraganeko urte liskartsuetako leku esanguratsuenak bisitatu zituen, baita Ipar Irlandan sortu zen katoliko eta protestanteen lehen eskola bateratura.
'Europa Transit', hamar kontakizun Europako bizikidetza gogoan
Donostia 2016ren kanpo misioa osatzen duten hiru enbaxada ibiltarietako bat da 'Europa Transit'. Urtarrilean hasi zuen bidaia, eta gatazken edo desberdinak elkarrekin bizitzeak dakartzan erronken lekuko diren edo izan diren hamar hiri europar bisitatuko ditu: Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Kaliningrad, Pristina, Plovdiv, Istanbul eta Pafos. Hiri bakoitzean, enbaxadaren taldeak dokumental bat grabatuko du, gatazkaren egungo egoera eta beronek utzitako legatu kulturala aztertuko dituena, bizikidetzaren eta elkar-ulertzearen balioetan sakontzeko asmoz.
Enbaxada ibiltariaren baitan egingo diren hamar dokumentaletatik bigarrena da In Dialogue. Lehendabizikoak, Mugaldeko mezuak, Europa Transitek Ceutara egindako bidaiaren emaitza, immigrazioaren gaia jorratu zuen. Maiatzean, Sarajevon izango da enbaxada, eta bertan hiriaren iragana eta etorkizuna aztertuko ditu musika ardatz hartuta. Bestalde, maiatzean bertan, Dresdenen grabatutako lana emitituko da, errefuxiatuen integrazioari buruzkoa. Seriea osatuko duten lan guztiak ETBn ikusi ahal izango dira, eta nahi duenak eskuragarri izango ditu jatorrizko bertsioan, euskarazko, gaztelaniazko, ingelesezko edo frantsesezko azpitituluekin.
azpitituluekin.azpitituluekin.