Itxi

telebista

Denboraldi berria

'Baserri, Txankarra & Maitane'ren estreinaldia, gaur, ETB1en

A.H. | EITB

Lekeitioko jubilatuek abentura berriak biziko dituzte astelehenero, 22:20ean hasita, Maitane Segurola lagun dutela.

0:21

Gaur gauean, 'Baserri, Txankarra & Maitane' saio berria estreinatuko du ETB1ek. Baserri eta Txankarra, Lekeitioko arrantzale jubilatu ezagunen abentura berriak eskainiko ditu tarteak, baina oraingo honetan, Maitane Segurola gaztea izango dute abenturetan gidari. Berriz ere, inoiz egin ez dituztenak egiteko aukera izango dute bi lagunek, eta Maitane jubilatuen konfidantzazko lagun eta konplize bilakatuko da, ondo pasatzeko eta bizitzaz disfrutatzeko helburuarekin. Egoera bitxi, kuttun eta sinesgaitzak biziko dituzte elkarrekin.

Bi arrantzaleen freskotasunak, xalotasunak eta bihurrikeriak egiteko gaitasunak ez du mugarik. Maitanek aurkeztuko dizkien plan berrien bitartez, agerian geratuko dira bi 'ume handi' hauen berezko sinpatia eta jakinduria.

Bizipen berriak deskubritzeko ibilbide honetan, Baserrik eta Txankarrak euren bizipen zaharrak azaleratuko dituzte: iraganeko abenturak, kontuak, txikitako bihurrikeriak, soldaduskako istorioak, gaztetakoak, laneko kontuak...

Ibilbide berri honetan, bi jubilatuek punta-puntako aurrerakuntza teknologikoei egin beharko diete aurre, eta, besteak beste, iPad-en erabilpen berri bat azalduko dute: Interneten nabigatzeko, dokumentuak idazteko eta... tipula txikitzeko taula ere izan daiteke! Segway gailuak, 3Dko inprimagailuak... Zer irudituko zaie gure bi arrantzaleei Pokemon Go mugikorretarako joko berria? Gustuko izango dute ala, aukeran, Fandan-Go eta Arin-Arin 2.0 nahiago izango dituzte?

Bestalde, akzio eta adrenalina handiko ekintzei ere egingo diete aurre. Ausartuko dira puenting edo zubi-jauziarekin? Eta urpean, oxigeno bonbonekin igeri egiten? Eta elurretako kirolei dagokienez, nola hartuko dituzte eskiak, snowboard edo elur-taula, teleaulkiak eta erremonteak?

Gauez ere ausartuko dira. Zer irudituko zaizkie gaueko ikuskizun eta bitxikeria modernoak? Parte hartuko al dute gaztetan imajinatu ere ezin zezaketen gaueko ikuskizun xelebre, bitxi, kurioso eta 'pikante' horietan?

Balsean eta aretoko dantzetan adituak dira Baserri eta Txankarra, eta beste dantza mota batzuetan murgiltzeko unea iritsiko zaie atal berri hauetan, Maitaneren eskutik: reggaeton, dubstep... Muzin egingo al diote twerking-ari? Eta sevillanei?

Sevillanak dantzatzen ikasi behar badute, zer hobe Sevillara joatea baino? Eta Sevillara doazela aprobetxatuz, barkaezina izango litzateke flamenko ikuskizun bat ez ikustea, Giralda ez bisitatzea, kordobarren moduan jantzita zaldi gainean ez ibiltzea eta kapea batean ez parte hartzea. Gauza bat argi dago: ekintza horietan guztietan parte hartzen ausartu ala ez, Baserrik eta Txankarrak ez dituzte ikus-entzuleak epel utziko.

'Baserri, Txankarra & Maitane' astelehenetan izango da ikusgai, 22:20tik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

us-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista