telebista
ETB1en
Lucia Baskaran 'Partir' nobelari buruz, larunbatean, 'Sautrela' saioan
A.E.|EiTB
Kantugintza eta literaturari buruzko erreportajea berreskuratu du saioak.
Aste honetako saioan idazle berri bat izango dute 'Sautrela' saioan: Lucia Baskaran. Bere opera primari buruz jardungo dira, Partir nobelari buruz, aurtengo apirilean argitaratu dena. Aurretik hainbat mediotan kolaboratu badu ere, honakoa du bere lehen lan luzea, eta Donostiako Expediciones Polares argitaletxe berriarekin argitaratu du. Victoria gaztearen hezibidea narratzen du liburuak; alde batetik Él bikotekidearekin duen harremana, eta bestetik, nerabe zela Madrileko aktore eskola batean pairatutakoen istorioa. Bizitza horren gazi eta gezak aurkituko ditu liburuan, bada, irakurleak, bizitasun eta gordintasun nabarmenaz kontatuak. Desilusioa, bortizkeria, maitasuna, sexua, drogak... inguruko mundu garaikide honetako puska baten erretratutxoa ematen du nobelak. Argitaratu eta luze gabe aski irakurria eta komentatua izan da Espainiako zenbait medio eta literatur zaleren artean. Gaur egun Bartzelonan bizi da, bere bigarren nobela osatzen.
Erreportajean, aurreko astekoaren jarraipena izango dugu. Bob Dylanen Nobel saria dela eta, kantugintza eta literaturaren arteko harremana aztertzen duen erreportaje bat berreskuratu dute programaren biltegi preziatutik, eta haren bigarren zatia izango da ikusgai. Juan Carlos Perez, Ruper Ordorika, Anari, Imanol Ubeda eta Jose Luis Otamendi arituko dira gaiaz hizketan.
Juan Luis Zabalak, azkenik, Ur Apalategiren nobela bat komentatuko du, 2004an argitaratutako Gure gauzak S.A. Euskal literaturako azken hamarkadetako nobela berezienen artean koka daiteke, euskal literatur sistema bera baitu hizpide, betiere forma fikziozkoan emana. Nobela zalu eta probokatzailea inondik ere.
Hau guztia, ohiko legez, gaur izango dute ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.
strong>.