telebista
22:15ean, ETB1en
Baserri eta Txankarra lasterketa baterako prestatuko dira gaur
EITB
Lekeitioko bi arrantzale jubilatuek euren bizimodua aldatuko dute eta San Silvestre lasterketan parte hartzeko prestatuko dira.
Baserri eta Txankarra jubilatu modernoak dira, eta hasierako erreparoak alde batera utzi eta lasterka egitea erabaki dute. Modernoak direnez, lasterka barik, footing egingo dute. Ez, modernoago oraindik: jogging egingo dute... Zer jogging eta zer arraio! Running egingo dute, horixe baita modernoena.
San Silvestre lasterketan parte hartu ahal izateko, euren gorputz mardulak prestatu beharko dituzte. Helmugara iristeko, era guztietako probak gainditu beharko dituzte. Lehena aurreritziak albo batera uztea izango da.
Baserrik eta Txankarrak osasun-azterketa bati egin beharko diote aurre, Eibar futbol taldeko medikua izandakoarekin; txekeoarekin bihotza nola duten jakingo dute. Espirometria eta antropometriaren emaitzak xaxatuta, buru-belarri ekingo diete geratzen diren prestaketei.
Baina helburua lortzeko bidea maldatsua izango da. Elikaduraren aldetik, txuletak, patata frijituak, tripakiak eta gainerako elikai koipetsuak utzi eta letxuga eta apio hostoekin borrokatuko dira, baita jaki horiek gomendatu dizkien nutrizionistarekin ere.
Nola demontre bukatuko dute gure bi jubilatuek lasterketa, odolosteen eta tripakien energiarik gabe? Gauzak apur bat errazteko, euren txandal zahar eta "Abanderado" tirantedun kamisetak baztertu, eta kirola egiteko arropa modernoa erostera joango dira. Erositako jantzi berriekin eta Baserrik urtean jaten dituen 200 arrautzen indarrarekin, arrakasta ziurtatuta izango dute gure bi arrantzaleek.
Rocky Balboaren moduan, eskaileretan gora eta behera, euren gorputzen kontra lehian, adinaren diktaduraren aurka borrokan, tinko ibiliko dira. Eta bide luze eta neketsu horretan ez dituzte azken aurrerakuntzak baztertuko: personal trainerra, uretan egindako ariketak eta 'biojantzi estimulatzailea'. Estimulazioa ez zaie faltako San Silvestre lasterketan parte hartzeko. Baina, izango al dute hauspo nahikoa?
'Baserri, Txankarra eta Maitane' gogor entrenatuko dira gaur, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.
us-en.