telebista
Artea
Agustin Ibarrolari buruzko dokumentala, ostegunean ETB-2n
EITB
Bere 80. urtemuga probestuz, artistaren ibilbidea errepasatuko du ikus-entzunezkoak.
Ostegun honetan eskainiko du ETB-2k 23:40ean Agustin Ibarrola eskultore eta margolariari buruz egin duen dokumentala. Bere 80. urtemuga aitzakitzat hartuta osatu den ikus-entzunezkoak artista bizkaitarraren ibilbidea jasotzen du.
Ikus-entzunezkoa egin duen ETBko lan-taldeak Omako bere baserrian egin du hitzordua Agustin Ibarrolarekin. 1930ean Basaurin jaio zen artistak bere bizitzaren errepasoa egingo du: haurtzaroa, artearen munduan bere lehen urratsak, Parisera bidaia eta Equipo 57 izeneko taldearen sorrera, kartzelako egonaldia... Arlo pertsonalean sakonduko dute eta, batik bat, bere obraren garapena erakutsiko dute.
Haur bat besterik ez zela marrazten hasi zen Ibarrola. Hamalau urte zituenean bere izebarekin ezkondu berri zen pintore eta arte zale anarkista batekin Bilboko Arte Eder Museoko maisu lanak ikusi eta aztertzera joaten zen. Hortxe bat egin zuen artearen misterioekin. Handik gutxira bere lehen erakusketa zabaldu zuen.
Madrilen Daniel Vazquez Diaz pintorearen estudioan beka bati esker ikasten egon zen. Euskadin Argentinatik etorri berria zen Jorge Oteiza ezagutu eta Arantzazuko santutegiaren eraikuntzan parte hartu zuen. Baina handik gutxira Parisera jo zuen auto stopean. Bertan beste artista batzuekin elkartu zen, Equipo 57 osatzeko. Talde honek sekulako eragina eta lekua irabazi zuen garai hartako abangoardiako artearen esparruan.
Frantziatik bueltan, politika eta gizarte arloan murgildurik, birritan atxilotu zuten eta kartzelan egon zen. Gero Debako euskal artearen eskolaren sorreran lan egin zuen. 1963an erakusketa bat antolatu zuten Londresen bere lanekin.
Agustin Ibarrolak euskaldunon izaera eta langileekiko eta jende xumeenganako konpromezua batu nahi izan ditu beti. Bere obra gehientsuenetan espresionismoa da nagusi. Euskal Telebistak eskainiko duen dokumentalak maisu lan handienak erakutsiko ditu.