Itxi

telebista

Literatura

Aritz Galarraga editoreari elkarrizketa, 15:00etan, 'Sautrela' saioan

EITB

Halaber, %100 Basque Itxaro Bordaren liburuaren irakurketaz arituko dira, eta Hasier Etxeberriaren Karramarroaren aztarnak ipuin liburua aztertuko dute.

3:14

Aste honetan, idazle bat barik, edizio lanetan ari den lagun bat hartuko dute 'Sautrela'n: Aritz Galarraga. Orain arte Joxemari Iturralderen Kaleidoskopioa eta Hobe kontatzen ez badidazu ipuin katalanen antologia editatu ditu, eta berriki Joxemiel Bidador idazlearen prentsa artikuluak biltzen dituen bilduma kaleratu du Pamiela etxearekin. Klasiko bitxi, arront klasiko izenburukoa, izen bereko Nafarkaria gehigarriko atalean idatzi zituen testuak topatuko ditu irakurleak. Bidadorrek gai ugari jorratzen bazituen ere, literaturari buruzkoak batu ditu Galarragak lan horretan, eta ordena kronologikoan eman. Emaitza euskal literaturaren B aldearen modukoa da, Bidadorrek euskal literaturaren historiako idazle ez hain ezagunak bilatu eta jendarteratzea baitzuen helburu. Bidadorren soslaia eta hark ikertutako literatura hori izango ditugu mintzagai, beraz, aste honetako elkarrizketan.

Erreportajean, duela hamar urte hasi zen ekimen bati buruz arituko dira. 2008an antolatu zuen estreinakoz Bilbo Zaharra euskaltegiak klasikoen irakurketa, kasu horretan Axularren Gero. Hamar urtez, liburu bat irakurri dute urtero-urtero: Haur besoetakoa, Obabakoak, Hamaika pausoAurten, Itxaro Bordaren %100 Basque liburua irakurri dute, irakurketa jarraituan, 2001. urtean Susa argitaletxeak argitaratua. Hori dela eta, ekimenaz zein aurtengo saioaz arituko dira Pedro Alberdi antolatzailea eta Itxaro Borda bera.

Saioaren bukaera berezia izango dute. Izan ere, lehendabizikoz, Hasier Etxeberriaren liburu batez jardungo dira. 1997an Elkar argitaletxearekin argitaratu zuen Karramarroaren aztarnak ipuin liburua aztertuko du Juan Luis Zabalak. Horren ostean, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu denden gomendioak izango dituzte orobat.

'Sautrela' larunbatero izaten da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.