Itxi

telebista

22:30ean

'La última trinchera, 1937' dokumentalaren estreinaldia, gaur, ETB2n

A.E.|EiTB

Gure historiako ekintza odoltsu eta ikaragarrietako bat argitzen saiatuko da, hegazkin italiarrek bi hilabetez etengabe Enkarterri erasotzen jarraitu zutenekoa.

1:30

Gaur gauean, La última trinchera dokumentala estreinatuko dute ETB2n eta eitb.eus-en. Ikerketa lan honetan, aditu eta historialari talde batek Italiara bidaiatuko du gerra Bilbon ez zela amaitu azaltzeko froga bila. Bilbo erori ondoren, gertakizun gordinak izan zirela erakutsiko dute.

Dokumentala gure historiaren ekintza odoltsu eta ikaragarrietako bat argitzen saiatuko da, honakoa: hegazkin italiarrek etengabe Enkarterri erasotzen jarraitu zuten, gutxienez bi hilabetez eta 200 bonbardaketekin. Ekintzak helburu argiak zituen: batetik, Euskaditik Santanderrera zihoazen lagunen ebakuazio zibila saihestea, eta, bestetik, Bilbotik irten ondoren oraindik 50.000 gudari zituen Eusko Gudarostea zapaltzea.

Euskadin Gerra Zibilak eragindakoari buruz historia asko kontatu dira, eta guztiak Bilboko Burdin Hesia eta Bilbo bera erortzearekin amaitzen dira. Horixe izan da luzaroan historiaren amaiera. Haatik, Euskadik beste bi hilabete eutsi zion gudari; Enkarterrin eutsi zion, hain zuzen ere. Gaur egungo ikuspegitik aztertuko ditu dokumentalak gertakizun historikoak. Irudi, plano eta artxibo lanetatik abiatuta, gaur egungo agertokietara joko du. Herriz herri, mendiz mendi eta, tokatzen denean, baserriz baserri ibili dira miaketan. Enkarterrin gerraren azken egunetan utzitako arrastoen bila joko dute. Gerraren azken egun haiek ihesi joan ziren milaka lagunen istorioak, errepresio kontuak, bonbardaketak, atzerriko fronteak eta kartzela dakartzate gogora. Orain arte, proiektu hau buru zuten ikerleek bonbardaketen 200 argazkitik gora, planoak, telegramak, hegaldi planak, gutunak, egunerokoak eta militarren txostenak bildu dituzte; guztira, 5.000 artxibotik gora. Horiek guztiak ekintzak gertatutako eremuan bertan egindako ikerketekin alderatu dituzte, ondoren kontakizuna mamitzeko. Agirietan nabari den egiaren kontakizuna osatu nahi dute. Erronka ez da makala: Gerraren amaiera Euskadin nolakoa izan zen eta izan zuen eragina azaltzea.

Xabier Irujo Gerra Zibilaren historian aditu ospetsuak benetako arrastoak ditu oraindik oso ondo argitu gabeko atalaren inguruan, euskal gudarostearen porrota Bilbo erori ondoren eta frankistek Bizkaiko hiriburua hartu eta bi hilabetera gertatutakoaren inguruan, alegia. 66 egun, milaka desplazatu, eta oharkabean pasatu diren ehunka historia. Agiriak eta lekukotzak aztertu ondoren tesi hauxe osatu du: 'Enkarterri azken euskal lubakia izan zen'. Aztarna askok bultzatu dute ideia hori, baina orain arrasto erreal bat du. Italiako Defentsa eta Kanpo Ministerioko artxibo historikoetan daude gakoak egia deskubritzeko. Helburu horrekin joan da ikertzaile talde batekin Erromara, eta bilaketak emaitza onak izan ditu. Enkarterrin frontearen egoera islatzen duten 5.000 argazki, militarren txostenak, eraso asmoak, ekintzak, hegaldi planak, hegazkin gidarien egunerokoak, Ajuriagerrak eta Artetxek Santoñako kartzelatik bidalitako gutunak, 200 bonbardaketen hegazkinetik ateratako argazkiak… Informazio horrek guztiak ustez historia txiki horrek benetan zuen neurria erakusten du, gudaroste faxista eta frankista Enkarterrin buru-belarri murgildu ziren ekintzaren benetako neurria.

Ikertzaile taldeak material guztiarekin (artxiboz artxibo, argazkiz argazki eta agiriz agiri miatutako arrasto hauekin) egun haietan zer eta non gertatu zen eta protagonistak nortzuk izan ziren jakiteko itxaropena dauka.

Helburu horrekin itzuliko da Irujo, eta bildutako material pilarekin, Turtziosko La Puente Jauregian ikertzaile gehiagorekin biltzea erabakiko du. Ikertzaile bakoitza Gerra Zibileko atal batean aditua da: bonbardaketen alderdi soziala, errefuxiatuak, errepresioa, ekintza militarrak, esparru politikoa... Lekua ere ez zuten kasualitatez aukeratu. Eusko Jaurlaritza azkenekoz egon zen gunea agertoki egokia da egun haietan gertatutakoa gogoratzeko. Nola jarraitu zuten borroka? Nortzuk izan ziren protagonista? Eta, garrantzitsuena, zergatik jarraitu borrokan?

Ez galdu La última trinchera dokumentala, gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.