Itxi

telebista

22:15ean

'Chiloe, Lasterka Munduan' Nikaraguan izango da gaur gauean, ETB1en

EITB

Zigor Iturrietak Ometepe uharteko Fuego y Agua 105 kilometroko ultratraila egingo du.

0:24

Gaur gauean, 'Chiloé Lasterka Munduan' saioak Nikaraguara eramango du Zigor Iturrieta, eta Ometepe uharteko 105 kilometroko Fuego y Agua ultratraila egingo du. Lasterketan parte hartzeaz gainera, herrialdeko hainbat paraje eta toki bitxi ezagutuko ditu, eta bertako jendearekin arituko da herrialdeko kulturan eta gastronomian murgilduz.

Managua hirian hasiko du bidaia Iturrietak. Ruben Dario plaza eta Katedral Zaharra ezagutuko ditu hiriburuan, eta El Chocoyero natura-erreserban sumendia bizi-bizi ikusiko du hiriburutik apur bat aldenduta. Gainera, Silvia Altamirano Los Robles hoteleko sukaldariak Nikaraguako plater nazionala prestatuko dio: Gallo Pintoa.

Managuatik Granadara joango da ondoren. Hiri kolonial ederra da, eta hango merkatu ezagunean barrena murgilduko da. Granada ondoko Cocibolca aintzirako uharte txikiak bisitatuko ditu jarraian.

Hurrengo parada, Ometepe uhartean egingo du, eta erronka handi bati egin beharko dio aurre han: Fuego y Agua, 105 kilometroko ultratrail gogorra. Lasterketan parte hartu eta gero, uhartea ezagutzeko denbora izango du. Leku magikoa da benetan.

Amaitzeko, San Juan del Sur herrian izango da, Nikaraguako beste leku mitiko batean.

'Chiloé, Lasterka Munduan' ostegunero izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en.