Itxi

telebista

Estreinaldia

'Uyyyyy!'ko denboraldi berria, astelehenetik aurrera

A.A.

EITB

Oscar Terol eta bere dream team-a bueltan izango dira datorren astelehenean ETB-2n gaueko 22:00etan.

Oscar Terolek zuzentzen eta aurkezten duen ''Uyyyyy!'' saioa datorren astelehenean, irailaren 20an, berriro izango da ETB-2ko programazioan. Umorea egin eta ikusentzuleak entretenitzea izango da saioaren asmoa orain ere. Terol misterrak eta bere dream-team-ak ilusioz eta gogoz beterik egingo diete aurre denboraldiari. Helburua: astelehen gauetan ikuskizun onena eskaintzea.

Terolekin batera, taldean, aurreko denboraldian bezala, Santi Ugalde, Asier Hormaza, Jon Iraola eta Anjel Alkain arituko dira, eta eurekin batera bi aktore berri: Maribel Salas eta Aitor Gabilondo. ''Mourinho'', ''Pep Guardiola'', ''Ronaldinho'' eta beste hainbat pertsonaia ere aurkezlearekin izango dira platoan. Asteleheneko hamaikakoan Juanma López Iturriaga egongo da mahaia animatzeko eta, nola ez, Agurne Anasagasti erreportaria.

Hiru zutabe ditu oinarri ''Uyyyyy!''ren jokoak kurtso honetan: gonbidatuak, aktoreak eta kolaboratzaileak.

Lehen euskarria gonbidatua izango da. Bat edo gehiago izan daitezke saio bakoitzean, kirol eta ikuskizun mundukoak, batik bat. Elkarrizketaren tartean umorezko jazoerak, erreportajeak eta bideo landuak eskainiko dira umorezko giro erosoa sortzeko asmoarekin.

Aktoreak izango dira saioaren bigarren zutabe garrantzitsua. Pertsonaia ezagun sorta zabala hezurmamitzen dituzte aktoreek. Euren lanak ere berebiziko garrantzia du saioan. Zuzenean edo grabatutako esketxetan, eskueran izaten dituzten guneak erabiliko dituzte umorea egiteko.

Kolaboratzaileak izango dira, azkenik, saioko hirugarren ardatza. Solas-mahaian egongo dira eta baita gonbidatuen alboan elkarrizketaren tartean.

Asteleheneko saioan Borja Cobeaga eta Gorka Otxoa izango dituzte gonbidatu, eta Ainhoa Sánchez Miss Euskadik ere parte hartuko du.