Itxi

telebista

Aktualitatea

'España, giro a la derecha', gaur gaueko '360º' saioan

EiTB

Arantza Ruiz kazetaria epaileekin eta zuzenbidean adituekin arituko da justiziak Espainian eskumako norabidea hartu ote duen azaldu eta botere judizialaren politizazioa aztertzeko.

Gaur gauean, '360º' saioak España, giro a la derecha erreportajea eskainiko du. Kataluniako gertakarien harira, Espainiako justiziaren politizazioa aztertuko du Arantza Ruiz kazetariak epaile eta zuzenbidean adituekin. Izan ere, hainbat ahots eta iritzien arabera, botere judiziala eskumako norabidea hartzen ari da.

Adituen laguntzarekin, erakunde judizialetako kideak nola aukeratzen diren aztertuko du saioak, eta aukeraketa horiek epaitegietako erabakietan eragin dezaketen ala ez azalduko du. Horrez gain, Eduardo Inda OKDiario hedabideko zuzendaria eta Ernesto Ekaizer kazetaria elkarrizketatuko ditu.

Bestalde, Kataluniako krisi politikoak eskuin muturreko mugimendua indartu duen aztertuko du saioak. Azken asteetan, Katalunian, Valentzian eta Madrilen eskuineko taldeen manifestazioak egin dituzte, eta bandera frankistak eta faxisten agurrak ikusi eta 'Cara al Sol' abestia entzun dira horietan. Arantza Ruizek Norberto Pico Sanabria Falange Española de las Jons taldeko buruzagi nazionala elkarrizketatuko du. Justiziak gehiago zigortzen al ditu ezkerreko taldeen ekintzak, eskuineko ultrek egindakoak baino?

Gainera, adierazpen askatasunaren gaineko polemika piztu dute justiziak hartu berri dituen erabaki batzuek. Horien artean, Andeka Jurado Garciaren kasua dago. Urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote Josu Uribetxeberria Bolinaga ETAko preso zenduaren argazki bat bertxiokatzeagatik, 'Agur eta ohore' lelopean. Auzitegi Nagusiak delituzko mezu bat bertxiokatzea delitua dela esan du. Akusatuak adierazpen askatasuna baliatuz zabaldu zuela adierazi arren, epaimahaiak ez du alegazioa onartu.

Gainera, Guillermo Martinez Vela El Jueves aldizkariko zuzendariarekin hitz egingo dute '360º' saioan. Horren kontra hasi zuten kasua berriro ireki dute, Katalunian izan ziren istiluetan poliziaren parte-hartzearen inguruan artikulu "laidogarria" argitaratu izana egotzita. Horrez gain, Cesar Strawberry abeslariaren kasua ezagutuko du saioak, tuit polemiko batzuk idazteagatik urte bateko kartzela zigorra ezarri baitiote.

Amaitzeko, 155. artikuluak Kataluniako hedabideetan adierazpen askatasuna mugatu duen ere aztertuko dute saioan.

'360º. España, giro a la derecha' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, eitb.eus-en eta ETB2n.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista