telebista
13. atalaren aurrerapena
Zalantzak 'El Conquistador'en: kapitainak kanpora?
EITB
Astelehen honetan iritsi zaien postak galderak sortu ditu: iritsi al da bateratzea? Aurretik, ordea, branka-hagako jokoa gainditu beharko dute.
'El Conquistador del Caribe'ko gaurko saioan zalantzak eta galderak sortuko ditu kanpalekuetara iritsiko den postak: "kapitainek kanpalekuak utzi behar dituzte". Baina zertarako? Zergatik? Astelehen gauean jakingo dugu, 22:30etik aurrera.
Berdeen taldean, eta posta jaso ondoren, Eneko taldekide guztiak agurtzen hasiko da, badaezpada ere. Ez du argi zergatik utzi behar duen kanpalekua, baina bateratze garaia gainean dagoela pentsatzen hasi da. Beraz, muxu eta besarkaden artean, Zuriñe agintean utzi du eta Gotzoni esan dio kanpoan argitu beharreko zerbait daukatela.
Bitartean, gorrien kanpalekuan, Gorrotxa malkotan urtzen ari da. Posta jasotakoan hunkitu egin da, ziur baitago Conquiseko bere lanak amaitu dituela.
Baina egia ote? Bateratzea iritsi al da? Baliteke guztia gau ilun eta gogor baten ondoren lehiakideek bizi duten egoerak sortutako gaizki-ulertua izatea. Dena dela, animoak gora etortzeko balio izan badu, gaitz erdi! Izan ere, gauean infernua bizi izan dute; euria etengabe aritu da goizaldera arte, eta, abenturaren une honetan, hori ere jasanezina izan da. Gaua kanpaleku aberatsean eman duten talde gorrikoak ere erabat errukitu dira berdeekin.
Beraz, animoak igo eta beste zerbaitetan pentsatzea ondo etorri zaie guztiei, batik bat, branka-hagako joko zaila aurrean dutela kontuan hartuta. Talde gorria ez da ondo moldatzen ontzietan, eta, printzipioz, talde berdeak abantaila du horrelakoetan. Baina joko honetan ontzia izan ohi da garrantzi gutxien duena; branka-hagan oreka mantentzea askoz garrantzitsuagoa da, ez da ez indar ez erresistentzia kontua. Hori dela eta, jokoaren giltza kapitainak ongi aukeratzean egongo da.
"El Conquistador del Caribe" astelehenero izaten da ikusgai eitb.eus-en eta ETB2n, 22:15 aldera, gaueko "Eguraldia" saioaren ostean. Atal guztiak EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.