Itxi

telebista

22:00etan

Baiona, gaur, 'Herri City' saioan

EITB

Lapurdiko hiriburua eta bertako biztanleak gertutik ezagutuko dituzte Zuhaitz Gurrutxagak, Mikel Pagadik eta Beñat Iturbek.

0:26

'Herri City' saioan Lapurdiko hiriburua bisitatuko dute gaur Zuhaitzek, Pagadik eta Beñat Iturbe millenialak.

Zuhaitzek Baionako bestak ezagutzen hasiko du eguna. Peio ezagutuko du, Baionako Or Konpon peñako kidea. Baionako bestetan hiriko peñek jaiak girotzeko ardura izaten dute. Hainbat peñak, gainera, kokapen berezia dute. Haietako askok hiria inguratzen duten harresien barnean izaten dute egoitza, eta haietako batean sartuko du muturra Zuhaitzek. Horrez gain, Or Konpon peñak bestetan egiten duen ekintzetako bat zer den azalduko dio Peiok: espartin jaurtiketa. Cazenave txokolategiko Pantxoarekin, berriz, Baionan txokolateak duen garrantzia ezagutuko du Zuhaitzek. Baionako iragana ezin da txokolaterik gabe ulertu. Hiriko komunitate juduari zor zaio Lapurdiko hiriburua garai batetik hona txokolatearen hiri gisa ezaguna izatea. Bertatik barreiatu zen txokolatea Europa osora. Cazenave txokolategia da hiriko zaharrena, eta bertako historian usnatuko du Zuhaitzek, Pantxoa eta Maggieren laguntzaz. Eguna hiriko periferian bukatuko du Zuhaitzek, hedabideetan zein postaletan agertzen ez den Saint Croix auzoan. Bertan dago ZUP urbanizazioa, Ipar Euskal Herriko biztanleria dentsitaterik handiena duena. Bertako bizimodua nolakoa den ikusiko du Zuhaitzek Nikolaren eskutik.

Pagadik, bere aldetik, Baionako historiaren tokirik ilunenetako bat ezagutuko du, naziek Euskal Herrian ezarri zuten kontzentrazio eremu bakarra: Polo Beyris. Gaur egun aisialdirako berdegunea dena, poloan jokatzeko zelaia, errefuxiatuak hartzeko eta nazien kontzentrazio eremu bat izan zen garai batean. Horren inguruko xehetasun guztiak azalduko dizkio Peiok Pagadiri. Halaber, kirola egiteko astia ere izango du Pagadik. Baionan eta Ipar Euskal Herri osoan bereziki estimatua den kirolean jokatuko du: errugbian. Aviron talde ospetsuarekin jokatu beharrean, baina, ASB taldeko kideekin jokatuko du Pagadik. ASB taldeko emakume errugbilariak mundialak dira. Baionako neskak izenez dira ezagunak, emakumezkoen lehen mailan jokatzen dute, onenen artean, eta ereserkia ere badute. Maika jokalariak taldeari buruzko bitxikeria guztiak kontatuko dizkio, eta izerdi patsetan jarriko du Pagadi. Saioaren bukaeran, gainera, ez da faltako errugbian erlijioaren pare dagoen 'hirugarren zatia' deituriko ospakizuna.

Beñat Iturbek, aldiz, Baionan asteburuetan izaten den giroa ezagutuko du. Orain arte ezezaguna zen mundu bat irekiko zaio millenial gazteari. Antza, uste denaren kontra, gaugiro ezin hobea dago Baionan asteburuetan.

'Herri City' gaur izango da ikusgai, 22:00etan, eitb.eus-en eta ETB1en.