Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean, ETB1en

Adopzioen inguruan, gaur, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Familia biologiko batetik adopzio-familia batera egiten den bidaia aztertuko du Xabier Madariagak aurkezten duen saioak.

0:23

Adopzioa izango da 'Ur Handitan' saioak gaur jorratuko duen gaia. Familia biologiko batetik adopzio-familia batera egiten den bidaia aztertuko du Xabier Madariagak aurkezten duen saioak.

Besteak beste, jatorri ezberdineko adopzio motak, seme-alaba adoptatuek sufritzen dituzten traumak, nerabezaroa, gurasoek aurre egin beharreko zailtasunak, irakaskuntza-sistemaren erantzuna eta jatorria bilatzea izango dira, besteak beste, saioak jorratuko dituen gaiak.

Horretarako, hainbat lagunen testigantzak jasoko dituzte, horien artean Atxurin bizi den familia batena. Rut eta Xabi musika-irakasleek 5 eta 8 urteko bi haur adoptatu zituzten orain dela 10 urte. Denbora honetan bizitako guztia kontatuko digute.

Bilbokoak dira Amaia Ocerin eta Maren Aije ama-alabak ere. Maren Txinatik ekarri zuten jaioberria zela eta orain haren familia biologikoa bilatzeko proiektu bat jarri dute martxan gurasoek.

Magali Plazaola gaztea Hernanin bizi da, baina jatorriz afrikarra da. Bost urterekin adoptatu zuten, eta bere bizitza nolakoa izan den eta nola aldatu den kontatuko digu.

Bestalde, Ima Zestau guraso bakar nafarrak Europako Ekialdetik ekarri zuen Maksim orain dela 13 urte, eta biek batera euren esperientzia azalduko digute. Imak hiru bidaia egin behar izan zituen Siberiara umearekin etorri aurretik.

Gaixorik dagoen ume bat ekartzeko zain dagoen ama bat ere elkarrizketatuko du Xabier Madariagak. Oskia adopzio prozesu bete-betean murgilduta dago. Ume txinatar baten zain daude bikotekidea eta biak. Hala ere, bere kasua ez da oso ohikoa, haurrak osasun arazo bat baitauka. Oraindik ez dakite zein gaitz duen, baina badakite zerbait baduela.

Bukatzeko, Inaxio Grijalba psikologoaren iritziak bilduko dituzte.

Adopzioen inguruko testigantzak, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.