telebista
Kirolak zuzenean
Euskal Pentatloi Txapelketa, gaur gauean, zuzenean, EiTBn
EiTB
Bigarren B Mailako Gernika-Tudelano partida eta Codere Apuestas Masterseko finala ere eskainiko dira.
Gaur Azpeitian jokatuko den Euskal Pentatloi Txapelketa zuzenean jarraitzeko aukera izango dugu ETB1en eta eitb.eus-en. Juanan Legorburuk gidatuko du 22:00etan hasiko den emanaldia. Anjel Arrospide aizkolari ohia izango du lagun komentarioetan. Ibon Gaztañazpik eta Elena Azpeitiak, berriz, zezen-plazako giroaren berri emango dute eta protagonistak elkarrizketatuko dituzte.
Duela 28 urte jokatu zen azken aldiz Euskal Pentatloi Txapelketa. Ordu hartan Joxe Mari Olasagastik irabazi zuen. Oraingo honetan arituko diren kirolariak dira: Haritz Azpiazu Arria VI (Azpeitia), Luis Txapartegi (Aizarna), Jon Ander Maiza (Andoain), Jon Gisasola Zelai (Mallabia) eta Xabier Zaldua (Zumarraga). Harri jasotzen, giza proban, aizkoran, txinga eramaten eta korrika lehiatuko dira.
Futbola eta pilota
Arratsaldean zuzeneko beste bi emanaldi izango ditugu. Hasteko, 16:00etan, Gernika-Tudelano Bigarren B Mailako partida, Naxari Altunaren eta Juanan Larrañagaren kontakizunarekin.
Jarraian, Iruñeko pilota jaialdia, honako bi partida hauekin: Retegi Bi-Ruiz / Peña II-Mariezkurrena II eta Ezkurdia-Zabaleta / Elezkano II-Rezusta (Codere Apuestas Masterseko finala). Kasu honetan Josetxo Lizartza, Jokin Errasti eta Xabi Andueza izango dira esatariak.