Itxi

telebista

20:00etan

Usurbil, gaur, 'Historias a Bocados' saioan

EITB

Joseba Arguiñanok Gipuzkoako herri honetako auzokideen istorio gastronomikoak ezagutuko ditu.

  • Joseba Arguiñano, beste saio batean. (Argazkia: EiTB)

    Joseba Arguiñano, beste saio batean. (Argazkia: EiTB)

Joseba Arguiñanok Usurbil ezagutuko du gaurko 'Historias a Bocados' saioan.

Gipuzkoako herri honek uholde handia jasan zuen 1997an. Euriteen ondorioz Oria ibaiak gainezka egin zuenean, Anttoni Bengoetxearen familiaren Troia baserria guztiz hondatuta geratu zen. Familiako kideek baserria toki seguruago batean harriz harri berreraikitzea erabaki zuten. Anttonik garai hartan bizi izandakoaren istorio hunkigarria kontatuko dio Josebari, sagardoarekin egindako oilaskoa saltsan bazkaltzen duten bitartean.

Ondoren, 61 urteko Joxe Mari Eizagirre ezagutuko du Josebak Aginaga auzoan. Joxe Marik bizitza osoa darama urazak landatzen, eta duela zortzi urte emaitza oso onak eman dizkion teknika berri bat hasi zen erabiltzen; hazkuntza hidroponikoa, hain zuzen ere. Josebak haren urazak erabiliko ditu entsalada berezi bat egiteko, eta Joxe Marik, bere aldetik, ajoarrieroa prestatuko du.

Amaitzeko, Zubieta auzoko pilotalekuan errebote modalitatea jokatzen jarraitzen dutela jakingo du Josebak. Jakin-minak bultzatuta, Jesus Arrillaga erreboteko jokalari profesional ohia ezagutuko du. Gaur egun, Zubieta Pilota Elkarteko zuzendaria da. Pilota-jokoan arituko dira, eta, amaitzeko, txuletoi eder bat jango dute elkarrekin.

'Historias a Bocados' gaur izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.