Itxi

telebista

20:00etan

Aulestin izango da, arratsaldean, 'Historias a Bocados'

EiTB

Joseba Arguiñano gozogile eta sukaldariak Aulestiko lagunen istoriorik bitxienak ezagutuko ditu otordu paregabeek lagunduta.

  • Joseba Arguiñano, aurreko saio batean.

    Joseba Arguiñano, aurreko saio batean.

Larunbat honetako 'Historias a Bocados' saioan Joseba Arguiñano gozogile eta sukaldariak Bizkaiko Aulesti herria bisitatuko du.

75 urte ditu Agustin Egiak, eta horietatik ia 30ean telegrafista modura egin du lan petrolio-enpresa handietan. Horrenbestez, Josebari erakutsiko lehen gauza Morse kode komunikatzailea izango da, lanean zebilenean, petrolio-ontziekin komunikatzeko erabiltzen zuen hizkuntza. Horrenbeste urte salgai-marinel bezala aritu izanak istorio askotarako aukera ematen du, eta horiek guztiak Josebari kontatuko dizkio arrautzak habia modura dastatzen dituzten bitartean. Gastronomia-tartearen ostean, Agustinek bere lorategia erakutsiko dio Josebari. Bertan, gaztaroan arabiar basamortuetan zehar egindako bidaietan oinarrituta zuhaitzen enbor eta sustraiekin osatutako eskulturak gordetzen ditu.

Maribi Unamunok 61 urte ditu, eta orain jubilatuta badago ere, euskara teknikoa irakasten jardun zuen unibertsitatean. Orain denbora librean objektu zaharrei erabilera berri bat ematen die, eta Josebari sukaldeko tresna eta baserriko lanabesak eraberritzen erakutsiko dio. Sukaldean aritzea ere gustuko du Maribik, eta piper gorriak arroz integralarekin prestatuko ditu bere gurasoen inguruko istorioak partekatzen dituen bitartean. Ikasteko betidanik izan duen grina bere gurasoengandik datorkio. Txokolategi batean egiten zuten lan, eta behin eta berriro errepikatu zien euren seme-alabei ikastearen garrantzia ahalik eta etorkizun onena izateko. Hori izan zen Maribik euskal filologia ikasi izanaren arrazoietako bat.

44 urteko Elisa Tobalinak norberak bere burua hobeto ezagutzeko eta norbere azalean hobeto sentitzeko espazio bat kudeatzen du Aulestin. Lea Espazioa da, eta bertan sormen hezkuntza, arte lantegiak eta arteterapiarekin lotura duten beste hainbat ekintza antolatzen ditu. Arteterapiak sormen prozesua ongizatearekin batzen du, eta horregatik, hain zuzen ere, Elisak mendian eskultura bat egitea proposatuko dio Josebari. Ekintza horretan, azken emaitza baino garrantzitsuagoa dela eraikuntza prozesuan ikasten dena azalduko dio Elisak. Gastronomiarako tartean azken-buruko bat izango da protagonista: artatxiki opila.

'Historias a Bocados' saioa Aulestin izango da larunbat honetan, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.