telebista
Herri Kirolak
Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa, gaur, zuzenean, EiTBn
EiTB
Goenatxo III.ak, Ugartemendiak, Diazek, Eizmendik, Kortaberrik eta Galarragak parte hartuko dute Asteasun jokatuko den lehiaketan.
ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute gaur (abenduak 22) Asteasun jokatuko den Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Jon Unanue Goenatxo III, Iban Ugartemendia, Julen Diaz, Jokin Eizmendi, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Aimar Galarraga izango dira nor baino nor gehiago.
Lehiakide bakoitzak kolore bat izango du: Goenatxo III.ak zuria, Ugartemendiak laranja, Diazek urdina, Eizmendik horia, Kortaberrik gorria eta Galarragak berdea. Forma eta pisu desberdinetako lau harri altxatu beharko dituzte: 200 kiloko errektangularra, 175 kiloko zilindroa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko borobila. Altxaldi eta pisu gehien lortzen duen kirolaria izango da irabazlea, Euskal Herriko gizonik indartsuena.
Aimar Irigoienek du orain arteko errekorra, 62 jasoaldi eta 9.650 kilorekin. 2008an Azpeitian egindako txapelketan 200 kiloko 8 jasoaldi, 175 kiloko 18, 150 kiloko 16 eta 125 kiloko 20 egin zituen errezildarrak.
Juanan Legorburuk egingo du kontakizuna, Juan Jose Unanue Goenatxo lagun duela. Kirolarien senitarte eta lagunen iritziak jasotzen arituko da, aldiz, Ibon Gaztañazpi.
Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean.