Itxi

telebista

Astearte honetan

'Deporte A Debate' kirol saio berria estreinatuko du ETBSat-ek

A.H.

EITB

Kirol munduko gaien inguruko solasaldia gidatuko du Jose Ituartek, Champions League saiorik ez dagoen asteetan. Astearte honetan txirrindularitzan ematen diren doping kasuak izango ditu hizpide.

ETBSat kateak ''Deporte A debate'' kirol saioa estreinatuko du astearte honetan. Jose Ituartek gidatuta, kirol munduko aktualitatean ahoz aho dabiltzan gai korapilatsuak mahai gainean jarriko ditu. Solaskideak, aztertuko den gaian adituak izango dira eta helburu nagusia entretenimendua eskaintzea bada ere, ikus-entzuleek beren ondorioak atera ditzaten argumentu ezberdinak eskainiko ditu ''Deporte a Debate'' saioak.

Astearte honetako atalak Alberto Contador, ¿ángel o demonio? izena hartuko du eta txirrindulari ezagunaren kasua abiapuntutzat hartuz, txirrindularitzaren munduko doping kasuak izango ditu hizpide. Gaia aztertzeko, besteak beste, Manolo Saiz izango dute gonbidatu. ONCE taldeko zuzendari zen garaian sekulako iraultza ekarri zuen txirrindularitza mundura; egun kirol profesionaletik kanpo dago, Puerto operazioan doping sare garrantzitsu batekin erlazionatu ondoren. Berarekin batera, Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel Euskadi taldeko manager nagusia, Iñaki Arratibel medikua eta Xabier Usabiaga Euskal Telebistako kirol kazetaria izango dira.

''Deporte A Debate'' asteartero emitituko da Champions League saiorik ez dagoen guztietan, 22:40etik aurrera ETBSat-en, TDTaren bidez edota Euskaltel kablearen bidez.