telebista
22:15ean
Polizia abusuen inguruko '360º' saioa, gaur gauean, ETB2n
EITB
Eider Hurtadok aurkeztutako saioak hainbat testigantza bilduko ditu, horien artean, Rodolfo Martin Barne ministro ohiarena.
-
Polizia abusuen inguruko '360º' saioa, igande honetan, ETB2n.
Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 urte bitartean izandako abusu polizialen legea onartu berri da Eusko Legebiltzarrean, eta horren harira, '360º' saioak gehiegikeria horien kontakizuna egingo duten testigantzak bilduko ditu gaur.
Hasteko, Peio Mindegia, 1983ko Errenteriako jaietan izandako karga polizialen ondorioz itsu geratu zen herritarrarekin, eta Axun Lasa, Guardia Zibliak bahitu, torturatu eta hil zuen Joxean Lasaren arrebarekin izango da Eider Hurtado kazetaria. Halaber, torturen lekuko izan diren polizien hitzak bilduko ditu saioak, besteak beste, Jose Manuel Sanchez Fornet SUPeko idazkari nagusi ohiarenak.
Horrez gain, Rodolfo Martin Barne ministro ohiari elkarrizketa egingo dio Eider Hurtadok. Bere agintaldian, hainbat tortura kasuren salaketa egin ziren. Martinek ez ditu tortura horiek ukatzen eta Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia nazionalaren kondekorazioa defendatzen du. Azken honen biktima izandako Mikel Kortak bere bizipena azalduko du.
'360º' saioak, gainera, beste bi tortura kasu azalduko ditu. Alde batetik, Nekane Txapartegiren kasua, 1999an, atxilotuta zegoenean, bortxaketa salatu zuen lehen emakumea, eta bestetik, 1992an Guardia Zibilaren torturak jasan zituen Enkarni Blancorena.
Horrez gain, Rodriguez Galindo generalaren agintepean egon zen Antonio Aguayo guardia zibil ohiak Donostiako Intxaurrondoko kuartelean eman ziren torturen berri emango digu.
Erreportajeari indarra emango dioten ETAren biktimen testigantzak ere bilduko ditu saioak. Haiek bezala, familia-kide baten hilketa jasan duten biktimen sufrimenduarekin bat egiten dute.
'360º' saioak Abusos policiales: heridas abiertas erreportajea eskainiko du igande honetan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.