telebista
22:15ean
Andoni Gago eta Kerman Lejarragaren txapelketak, gaur gauean, zuzenean
EiTB
Horrez gain, arratsaldean, joan den maiatzaren 19an Astigarragan jokatutako Euskal Pentatloia ikusteko aukera izango dugu arratsaldean ETB1en.
Zuzeneko boxeo gaua izango dugu larunbat honetan ETB1en Bilboko Miribillatik, 22:15ean hasita. Pedro Mari Goikoetxeak gidatuko du emanaldia, Manu Maritxalar aditua lagun duela. Sara Gandara arduratuko da gaueko protagonistei elkarrizketak egiteaz.
Hiru borrokaldi eskainiko dira. Lehenengoa, Isaac Real Chada kataluniarrak eta David Makaradzek egingo dute. Chaca Europako txapeldun izandako boxeolari bat da. Horren ondoren, Andoni Gagok luma pisuko munduko txapelketa jokatuko du Jesús Sánchez madrildarraren aurka. Boxeolari horrek 10 garaipen eta porrot bakarra ditu bere palmaresean eta Gago bilbotarrak estreinakoz eskuratu nahi du gerriko hori.
Emanaldia bukatzeko, Kerman Lejarragaren berragerpena ikusiko dugu. Oraingoan, Latino gerrikoa jokoan dagoela, Luis Solis mexikarraren aurka neurtuko ditu indarrak eta biek iragarri dute "benetako gerra" izango dela.
Euskal Pentatloia eta 'Gure Bideoteka'
16:30ean, joan den maiatzaren 19an Astigarragan jokatutako Euskal Pentatloia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Zazpi kirolari ikusiko ditugu aurrez aurre: Xabier Ariztegi, Beñat Amade, Iñaki Errazkin, Jagoba Otaegi, Joseba Otaegi, Luis Txapartegi eta Unai Ardeo. Egin beharreko lana hau izango da: 25 aldiz 100 kiloko bola jasotzea; 400 kiloko harriarekin gizon proban bi plaza osatzea; kanaerdiko hiru enbor moztea; 50na kiloko txingekin sei plaza osatzea, eta hiru kilometroko korrika saioa egitea. Juanan Legurburuk eta Arria V.ak egingo dute kontakizuna.
Hau amaitutakoan, 'Gure Bideoteka' tartea zabalduko dute, duela urte batzuetako buruz buruko finalak eskaintzeko: Galarza III vs Retegi II (1993), Irujo vs Olaizola II (2005) eta Olaizola II vs Irujo (2006).