Itxi

telebista

22:15ean

'Juego de pactos' erreportaje berezia, gaur gauean, ETB2n

EiTB

Nafarroako gobernagarritasuna aztertuko du saioak. Horrez gainera, jokoan dauden aktore ezberdinekin bilduko da.

  • Nafarroako Parlamentua

    Nafarroako Parlamentua. Irudia: EFE

Maiatzaren 26ko foru hauteskundeek ez dute Nafarroako etorkizun politikoa argitu. Bi bloke daude aurrez aurre: eskuinekoa eta aldaketaren aldekoa. Erdian, Maria Chivite hautagai sozialista dago. Taula politiko konplexu honetan jokatzeko, aktoreen estrategiak erabakigarriak izango dira.

Nafarroako gobernagarritasuna lortzeko lehen mugimenduek, hala ere, aktoreak aldendu egin ditu. PSN alderdiak EH Bilduri ateak itxi dizkio eta bitartean, denbora aurrera doa: abuztuaren 26a da Nafarroan gobernua osatzeko azken eguna.

Ostiral honetan ETB2k eskainiko duen 'Juego de pactos' erreportajeak hainbat aktore protagonisten testigantzak bilduko ditu: Bakartxo Ruiz, EH Bilduko hautagaia; Unai Hualde, Geroa Bai alderdiko bozeramaile eta Nafarroako Parlamentuko presidente izendatu berria, eta Ainhoa Aznarez, Ahal Dugu Podemos alderdiko legebiltzarkidea. Horrez gain, Nafarroako bi hedabide garrantzitsuenetako ordezkariekin izango dira: Joseba Santamaria, Diario de Noticiaseko zuzendaria, eta Jose Murugarren, Diario de Navarrako erredakzio burua. Halaber, gertatzen ari denaren ikuspegi soziopolitikoa eskainiko dute Patxi Zabaletak, Pello Salaburuk eta Begoña Erraztik.

Nafarroako gobernagarritasunaren partida honetan Madriletik parte hartu nahi dutenak ere asko dira, eta historia politikoa errepikatzen dela dirudi. Gobernua eratzeko 2007. urtean izandako negoziazioen antza hartu du gaur egungo egoerak. Orduko PSNk NaBai eta Ezker Batuaren babesa zeukan, baina PSOEko zenbait burukidek Fernando Puras hautagai nafarrari gobernua lortzeko lanak bertan behera uzteko eskatu zioten. Purasek onartu eta botereari uko egin zionean, UPNren gobernua ahalbidetu zuen, eta gertakari horrek bere ibilbide politikoarekin amaitu zuen.

UPN gobernuan izan zen urteetan hainbat ustelkeria kasu azaleratu ziren (Caja Navarrako dietak eta CaixaBanken erosketa). Ondorioz, botere aldaketa etorri zen 2015ean, Uxue Barkos buru zuen koalizio gobernuaren eskutik.

'Juego de pactos' erreportajea gaur gauean izango da ikusgai 22:15ean ETB2n eta eitb.eus-en.