Itxi

telebista

Kirol emanaldiak

Castro Urdiales Hiriko Bandera zuzenean, gaur goizean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Horrez gain, Zarauzko pilota tornea eta Burgosko Itzuliaren hirugarren etapa izango dira ikusgai.

  • Estropadak

    Estropadak. Irudia: EiTB

Gaur goizean, ETB1ek eta eitb.eus-ek Castrotik zuzenean eskainiko dituzte traineru estropadak. Hasteko, ETE Emakumeen Traineru Elkartearen Ligako III. Castro Urdiales Hiria bandera izango da ikusgai 11:30etik aurrera, eta XLVII. Castro Urdiales Hiria bandera KAE Kantauriko Arraun Elkartearen Ligako estropadak eskainiko dira. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak egingo dute emanaldiaren kontakizuna.

Ondoren, Burgosko Itzuliaren hirugarren etapa eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, zuzenean, 15:00etan. 150 kilometroko ibilbidean, hirugarren mailako lau mendate igo beharko dituzte txirrindulariek (Alto de la Mota, Escalerón, Ailanes eta Retuerta), Picon Blanco maila bereziko mendatea igo aurretik.

17:00etan, Azkoitiko pilotalekuarekin bat egingo dute ETBko kamerek zuzenean. Irribarria-Rezusta eta Olaizola II-Albisu bikoteek Zarauzko Torneoko finalaurrekoa jokatuko dute, eta, gainera, beste bi partida izango dira ikusgai: Agirre-Larunbe eta Egiguren V-Tolosa eta Dario-Ruiz eta Arteaga II-Etchegoien bikoteen artekoa. Xabier Euzkitzek eta Joxean Tolosa esatariek emango dute partiden berri, zuzenean.