Itxi

telebista

Estreinaldia

'Restaurante Sin Barreras' saio berria, laster, ETB2n

EITB

Desgaitasuna duten zortzi gazte izango dira saioaren protagonistak, eta sei astetan, jatetxe bateko langile izateko prestatu beharko dira.

  • 'Restaurante sin barreras' saioko taldea

    'Restaurante sin barreras' saioko taldea. Irudia: EiTB

ETB2k 'Restaurante Sin Barreras' saio berria estreinatuko du laster. Iñaki Urrutiak aurkeztutako saioak, desgaitasun intelektuala duten zortzi gazte hartuko ditu protagonista.

Zortzi parte-hartzaileek euren bizitzako erronkarik handienari aurre egin beharko diote: sei astetan jatetxe bateko langile izateko prestatu beharko dira. Denbora horretan, euren mugak gainditu beharko dituzte eta sukalde profesional guztietan beharrezkoak diren balore eta trebetasuna lortu beharko dute. Ikasitako guztia, gainera, finaleko ekitaldi handi batean erakutsiko dute. Prozesu osoan zehar, lehen mailako bi irakasle izango dituzte: Luisa Lopez eta Iñaki Andradas.

Alex, Igone, Julen, Leire, Lucia, Mikel, Saioa eta Sergio ikasleek naturaz inguratutako eskola moderno batean burutuko dituzte euren ikasketak. Alde batetik, sukaldaritza tailerra jasoko dute Iñaki Andradas sukaldariaren eskutik, eta bestetik, sala eta protokolo tailerra izango dute, Luisa Lopezekin. Gainera, eskolan elkarrekin biziko dira eta ikasi eta bizitako esperientziak partekatuko dituzte.

Saio bakoitzean gainera, Euskadi eta Nafarroako herri eta toki ezberdinetara irtengo dira saio amaierako probak egitera, eta lantalde ezberdinetan murgildu beharko dira. Gainera, egoera horietan ezagutuko duten jendearekin harremanetan jarri beharko dira.

Horrez gain, saio bakoitzak izen handiko gonbidatu bereziak ekarriko ditu. Haien eskutik, klaseak eta testigantza pertsonalak jasoko dituzte gure protagonistek, eta gonbidatu bakoitzak, bere ibilbidean zehar, zer nolako oztopoak gainditu behar izan dituen kontatuko die.

Programaren dinamika

Atal guztiek antzeko egitura izango dute: lehendabizi, hezkuntza tailerrak emango dira, gero ikasleek praktikak egin beharko dituzte eta amaitzeko, azterketa finala egin beharko dute.

Sukaldaritza tailerrean, Iñaki Andradasek sukaldaritza teknika ezberdin bat erakutsiko die atal bakoitzean eta ondoren, ariketa praktiko bat egin beharko dute. Ondoren, sala eta protokolo tailerrean, bezeroekin harremana landuko dute eta joko eta dekorazio- probetan parte hartzeko eskatuko die Luisak.

Horrez gain, ostalaritza postu ezberdinetan nola lan egiten den ikasiko dute, profesionalak bertatik bertara jarraituz. Horretarako, pintxo-potean, haurren kanpamendu batean eta ekintza solidario ezberdinetan arituko dira, besteak beste.

Atal bakoitzaren amaieran, azkeneko proba bati aurre egin beharko diote gure protagonistek. Ostalaritza lantalde bateko kide bihurtuko dira eta mota ezberdinetako bezeroekin egon beharko dira.

Proben balorazioa egiteko, laneko kideen eta bezeroen iritziek garrantzia handia izango dute. Ondoren, bai lehiakideak zein Luis eta Iñaki irakasleak Iñaki Urrutia aurkezlearekin batera bilduko dira, probako ikaslerik onena nor izan den erabakitzeko.