telebista
Berrikuntzak
ETB1ek gaueko programazioa indartu du
EiTB
Euskarazko kanalaren ordutegi nagusiak egitura berria du: 21:00etan 'Gure Kasa', 22:00etan saio nagusia eta 23:15ean Klaudio Landak gidatuko duen 'Egunak Egin Du' programa berria.
ETB1eko gauak desberdinak izango dira hementik aurrera. Klaudio Landak saio berri baten ateak ireki dizkigu: 'Egunak Egin Du'. Denboraldi honetan, ahalegin berezia egin nahi izan da gaueko programazioa indartzeko, eta horrek ordutegia berrantolatzea ekarri du. 'Gure Kasa' 21:00etan izango da, eta saio nagusia, 22:00etan. Astelehenean, hain zuzen ere, 'Gure Kasa'ren 3. denboraldia jarri da abian, eta 'Ahotsak' saio berriaz ere gozatu ahal izan dugu.
'Egunak Egin Du', eguneroko gaueko proposamen berria
Klaudio Landak gidatuko duen saioa astelehenetik ostegunera izango da ikusgai, 23:15ean. Bertan, lagun kuadrilla bat bilduko da munduan zer berri dagoen aztertu eta hainbat gairen inguruan umore giroan solastatzeko. Baina gure erara, modu lasai eta zoroan.
Aurkezleak, kantariak, antzezleak, kazetariak... kameren aurrean biluzteko prest etorriko dira, eta mingaina zorroztuta ekarriko dute; etxean bezala, filtrorik gabe, mugarik gabe.
Lehen saioan, Ainhoa Etxebarria, Gari Arroyo, Mikel Elizegi, Nerea Arriola eta Aitzol Atutxa izan dituzte kolaboratzaile bezala, eta hurrengo egunetan parte hartuko dutenen artean Onintza Enbeita, Ana Goitia eta Anjel Alkain daude.
'Gure Kasa'ren 3. denboraldia
Telleria anaiek gidatzen duten saioa berrikuntzaz beteta dator. Platoa dotore-dotore jarri dute egunero gonbidatuei harrera egiteko. Lehen aste honetan, Jagoba Arrasate futbol entrenatzailea, Imuntzo eta Beloki trikitilariak eta Zuhaitz Gurrutxaga aurkezlea hartuko dituzte.
Atal eta kolaboratzaile berriak egongo dira Julen, Antton eta Zuriñerekin batera. Ramon Roteta eta Pili Manterola sukaldariek kozinatzen jarriko dituzte gonbidatuak Txef ala Txof atalean. Bestalde, Joseba Beloki txirrindulari ohia aspaldi ikusi ez ditugun pertsonekin elkartuko da, eta gaur egun bizitza publikotik kanpo zertan ari diren eta nola bizi diren erakutsiko digu Aspaldiko! atalean.
Yolanda Alzola astean behin etorriko da platora Ai Amatxo! tartearekin (eguneko gonbidatuaren amarekin egongo da), eta Ainhoa Sanchez, berriz, futbolaz mintzatuko zaigu.
Potilleoa izango da denboraldi honetako beste atal berria. Onintza Enbeita gonbidatuaren herrira joango da, eta kotilleoan ibiliko da nolabait: non ibiltzen den, non hartzen duen kafetxoa, non mozten duen ilea eta halako bitxikeriak kontatuko dituzte, betiere, umore puntu batekin.
Maddalen Arzallusek atal berria estreinatuko du: Doinu-kaxa. Gonbidatuaren bihotzeko kanta batzuk entzun, aztertu eta abestu egingo dituzte, eta irratsaio berezia antolatuko dugu platoan horretarako, mintzaleku eta guzti.
Denboraldi honetako Oroitzapenen kaxa-k Izaskun Moyano izango du gidari, eta, Aitor Frantsesenaren eskutik, gaitasun urriko baina bizipoz handiko pertsonak ezagutzen jarraituko dugu, Marta Elviraren laguntzarekin.
Jon Garatek kalean inkestak egiten jarraituko du, eta Aitziber Garmendiak Zuriñe gorpuzten jarraituko du; lantzean behin, Gorane agertuko da, eta beste pertsonaia bat ekarriko digu: Virginia Santos, Kazetaritza ikasketak egiten ari den neska lotsatia.
Euskal Herriko abesbatza onenaren bila, 'Ahotsak' saioan
Julian Iantzik gidatuko duen saioa astelehenetan izango da ikusgai. Lehian arituko diren hogeita lau abesbatzek Hibai Etxebarria musika adituaren iradokizunak kontuan izan beharko dituzte finalerako txartela eskuratu nahi badute. Atal bakoitzean hiru talde lehiatuko dira Euskal Herriko hainbat txokotan. Lehen saioan, Hernaniko Dakapo, Algortako Eskuz Esku eta Gorlizko Lirain abesbatzak ikusi ditugu.
'Ur Handitan' saioak urrian ekingo dio denboraldi berriari, 'Euskalonski' amaitzen denean, eta astearteetan izango da ikusgai. 'Korrontzi Dantzan' saio berriak asteazkenetako tartea hartuko du, irailaren 4tik aurrera, eta ostegunetan beste programa berri bat izango dugu ikusgai: 'Arimaren Margolariak'. Irailaren 26an estreinatuko da.