Itxi

telebista

21:00etan

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 43. edizioa, gaur gauean, Seguran

EiTB

ETB1ek eta eitb.eus-ek 21:00etatik aurrera emango duten txapelketan, 14 bikote arituko dira nor baino nor gehiago. Atsedenaldian Alurr dantza taldearen 'Irradak' emanaldia eskainiko da.

0:24
Euskal Herriko Dantza Txapelketaren aurreko edizioko bi lehiakide

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 43. edizioa jokatuko da gaur (urriak 19) Seguran. Hamalau bikote arituko dira nor baino nor gehiago Baratze pilotalekuan, 18:00etan. Jaialdia Izaro Iraetak eta Imanol Artolak gidatuko dute, eta gauean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan. 

Astearte honetan (urriak 15) aurkeztu dute txapelketa, EiTBren Donostiako egoitzan, hauek bertan zirela: Izarra Urdalleta, Segurako alkatea; Estibalitz Iturria, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzailea; Xabier Artola, hiru aldiz jarraian Idoia Besadarekin batera lehiaketa irabazi duen dantzaria, eta Andoni Salas, ETBko programa berezien arduraduna.

Hamalau bikote arituko dira lehian Seguran, eta horietatik hamahiru gipuzkoarrak dira, eta hamalaugarrena, bizkaitarra. Nabarmentzekoa azpeitiarren parte hartzea: zazpi bikote datoz bertatik, eta guztira 16 dantzari dira azpeitiarrak. Itziar Bastida-Anaitz Lizartza, Maider Arrieta-Jon Ander Iriondo, Nagore Kerejeta-Aner Kerejeta, Larraitz Larrañaga-Amets Amubieta, Elaia Elorza-German Aranburu, Maite Beobide-Mikel Subinas, Laura Bastida-Ekain Uzkudun eta Idoia Narbaiza-Irati Olaizola dira bikote azpeitiarrak. Gainerako gipuzkoarrak hauek dira: Leire Eizmendi-Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia), June Elorza-Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), Katerin Artola-Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo), Saioa Galarraga-Julen Murgiondo (Bergara), Ane Urruzola-Iker Sanz (Villabona-Lezo) eta Idoia Narbaiza-Irati Olaizola (Legazpi). Azkenik, Irati Lopez-Gorka Granado (Sopela) da Bizkaitik datorren bikotea.

Dantzariek zortzi pausoko fandangoa dantzatuko dute txistuz, Isilkara txistulari taldearen musikarekin, eta arin-arina trikitiaz, Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin.

Epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk osatuko dute: Josu Ibarra, Karlos Sarriegi, Nerea Vesga, Gabriel Alonso eta Ane Anza. Janzkera aztertuko duten epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira.

Aurten txapelketak garaikur berria estreinatuko du, eta bikote irabazleak Aitor Ruiz de Egino hernaniarrak aluminio galdatuaz egindako eskultura eramango du.

Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute txapelketa, eta Agustin Ezenarro kazetariak elkarrizketatuko ditu protagonistak. Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, Ibarrako Alurr dantza taldeak Irradak ikuskizuna eskainiko du.

Irradak ikuskizuna nortasun eta izaera ezberdineko dantzen bidaia bat da: Iberiar penintsulatik abiatu, mugimendu jostagarri eta kaletarragoetatik pasatu, eta euskal kulturaren sustraietaraino iritsiz. Perkusio, erritmo, mugimendu eta sentimenduz beteriko hiru dantza lengoaia ezberdin horiek oinarri harturik, norgehiagoka, maitasuna, talde izaera eta indarra agertuko zaizkigu oholtza gainean. Aiert Beobide da koreografia zuzendaria. 

IV. Dantza Eguna eta bisita gidatuak

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren karietara, IV. Dantza Eguna ospatuko da Seguran larunbatean. 11:30ean polka erraldoia dantzatuko da. Ondoren, dantza plaza gidatuak egongo dira Gau Argi taldearen eskutik.