Itxi

telebista

Osaka

'Chiloé, Una Aventura Ultra Trail' saioaren hirugarren denboraldia gaur gauean ETB2n

EiTB

Zigor Iturrietak bere bi pasioak uztartuko ditu saioan: mendi lasterketak eta sukaldaritza. Osakan izango da gaurko abentura.

  • Zigor Iturrieta, 'Chiloé, una aventura Ultra Trail' saioan

    Zigor Iturrieta, 'Chiloé, una aventura Ultra Trail' saioan. EiTBko bideo batetik hartutako irudia

'Chiloé, Una Aventura Ultra Trail' saioaren hirugarren denboraldia gaur estreinatuko dute ETB2k eta eitb.eus-ek, 'El Conquis' debatearen ostean. Zigor Iturrieta gidariak bere bi pasioak uztartzen ditu programa honetan: mendi lasterketak eta sukaldaritza.

Denboraldiak izango dituen sei ataletan zehar, munduko sei herrialdetara bidaiatuko du, bertako mendi lasterketa ospetsuetan parte hartu eta leku horietako gastronomia, jendea eta parajeak ezagutzeko.

Japonian hasiko da abentura, Osakan, hain zuzen ere. Hiri handi horretako arrain-merkatua, kale famatuak, eta Umeda, Namba eta Shinsaibashi auzoak ezagutuko ditugu horren eskutik.

Halaber, Iga Ueno lurraldean barrena murgilduko da, ninjen ohiturak eta kultura ezagutzeko, eta Iga inguruko basoetan egingo den Ninja Ultra Trail 48 kilometroko lasterketan parte hartuko du Zigor Iturrietak.

Hurrengo ataletan

Iturrietaren bigarren jomuga Frantziako Montpellier hiria izango da. Hirigunean zehar ibiliko da, bertako historia eta alde zaharra gertutik ezagutzeko asmoarekin. Horrez gain, Palavas-les-Flots kostaldeko herria eta Saint-Martin-de-Londres barrualdeko herri txikian dagoen ardo upategi bat bisitatuko ditu. Azkenik, Montpellier hiriko maratoian lehiatuko da Zigor.

Hirugarren atalean, Eslovenia aldera joango da Zigor Iturrieta, eta Lez, Ljubljana eta Istria hiriak ezagutuko ditu. Lezko lakuan hasiko dute ibilbidea, eta, ondoren, hiriburura joango dira, Esloveniako gastronomiaz gozatzera. Kostaldean, Istria aldera joko dute, Portoroz eta Piran herria ezagutzeko. Azkenik, Istrski Maraton lasterketan parte hartuko du.

Esloveniatik Austriara egingo du salto 'Chiloé, una aventura Ultra Trail' saioak. Salzburgo eta Innsbruck hiriak bisitatzeaz gain, Innsbruckeko Alpine Trailrun Festibal 65 kilometroko mendi lasterketa egitea izango du helburu.

Bosgarren atalean, Belgikara joango dira. Bidaia Ostenden hasiko da, kostaldean, eta Brujas ezagutuko dute gero, bertako museoak bisitatuko dituzte eta Less jatetxera joango dira. Jarraian, Gante hiria ezagutuko dute, hiri handi, moderno eta bizia. Ibilbidea Geraardsbergen herrian amaituko dute, eta bertako triatloian parte hartuko du Iturrietak. Kamerak begira dituela egingo duen lehen triatloia izango du Zigorrek.

Frantziako Bretainian amaituko du denboraldia Zigorrek. Iparraldean, Paimpol, Perros-Guirec, Trégastel, Locquirec, Plougasnou eta Morlaix herriak ezagutuko dituzte. Gainera, Plouzané herrian egiten den Bout du Mondeko 53 kilometroko ultra trailean parte hartuko du Zigorrek.

'Chiloé, Una Aventura Ultra Trail' asteazkenetan izango da ikusgai, 00:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.