telebista
22:00etan
"Eztabaidan" saioa, Klaudio Landak aurkeztuta, astelehenero
EiTB
Iruña-Veleiako auzia izango da lehen saioaren gai nagusia.
"Eztabaidan" saioa estreinatuko du gaur gauean, ordutegi nagusian, Klaudio Landak. Hitzordu erabakigarriz beteta dator 2020ko agenda informatiboa eta debaterako gune bat sortuko da ETB1eko astelehen gauetan. Emanaldia eitb.eus-en ere jarraitu ahal izango dugu.
Lehen saioko gai nagusia Iruña-Veleiako grafitoen auzia izango da. Juan Martin Elexpuru aditua gonbidatu dute saioa gaiaren inguruan mintzatzeko. Halaber, "Eztabaidan" saioak honako solaskideak izango ditu: Jose Ramon Aranbarri, Garbiñe Biurrun, Maite Ubiria, Maria Luisa Garcia eta Uhaitz Crespo. Gai horretaz gain, Iruñeko udalak euskararen inguruan hartutako neurriei erreparatuko diete solaskideek: haur eskolen euskarazko plazak murriztea eta euskal hedabideei iragarki instituzionalak lortzeko bidea istea, esaterako. Zenbait protagonista eta eragileren hitzak bilduko ditu saioak gaiaren inguruan.
Egun-eguneko berriak aztertu, momentuan momentuko albiste garrantzitsuenei buruz eztabaidatu eta alde zein kontrako iritziak mahai gainean jarriko ditu saioak. Euskal herritarron arazo eta kezkak aintzat hartzera dator "Eztabaidan" saio berria.
Aztertzen den gaiari ertz guztietatik heltzeko asmoz, profil desberdinetako bost solaskide izango da saio bakoitzean. Gaian adituak eta berriaren protagonistak gonbidatuko dituzte platora. Halaber, zuzeneko elkarrizketak eta erreportaje laburrak tartekatu eta borobilduko dute "Eztabaida"n.
"Eztabaidan" saioa astelehenero izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.