Itxi

telebista

22:15ean

Etxeko emakume langileen egoeraz, gaur gauean, "360º" saioan

EiTB

Eider Hurtadok zuzendu eta aurkezten duen saioak 'Esclavas del hogar en Euskadi' erreportajea eskainiko du.

  • Eider Hurtado "360º" saioko aurkezlea.

    Eider Hurtado "360º" saioko aurkezlea. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.

Etxeko emakume langileen egoera esklabotza modu berri bilakatu da gaur egun, XXI. mende bete-betean. Ez gara hirugarren munduko herrialdeez ari, hemen bertan, Euskadin, gertatzen den zerbaitez baizik. Esclavas del hogar en Euskadi erreportajea izango da ikusgai, gaur, "360º" saioan.

Euskadiko etxeko langileen % 98 emakume migratzaileak dira, ia guztiak Latinoamerikako herrialdeetatik etorritakoak. Emakume horiek era askotariko gehiegikeriak pairatzen dituzte etengabe: kontratua ez betetzea, gehiegizko ordutegiak, erabateko isolamendua, tratu txar psikiko eta fisikoak, eta abar.

Eider Hurtado saioaren aurkezle eta zuzendariak Aidee Escobar duela 14 urte Boliviatik iritsi zen emakumea elkarrizketatuko du. Zortzi urte luzez esklabotza osoko erregimen batean lan egin zuen etxeko emakume langile gisa, eta aho bizarrik gabe salatuko du. Halaber, Nikaraguako 40 urteko beste emakume batekin harremanetan jarri da saioa. Emakume honek nor den ez esatea nahiago du, oraindik legez kanpo dagoelako; bahiketa gisa gogoratzen du bere lanetako bat.

Duela 50 urte, etxeko langilearen profil hori bestelakoa zen. Horixe da, esaterako, Pilar Gilen istorioa: 77 urte ditu eta erretiroa hartuta dago orain. 16 urterekin iritsi zen Euskadira, Burgosko herri batetik. Hainbat etxetan egin zuen lan, eta umiliatuta sentitu zen askotan.

Kontratatzaileen iritziari ere erreparatuko dio saioak. Hartara, etxeko emakume langilea duen familia batekin jarriko dira harremanetan, euren esperientzia konta dezaten.

Nola da posible honelakoak gertatzea? Hainbat erakunderekin hitz egin du programako lantaldeak, eta lege-hutsunea aipatu dute. Liz Quintana abokatua eta Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Saileko Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria elkarrizketatuko dituzte, aldarrikapen horien guztien inguruko azalpenak eman ditzaten.

Egun oraindik dauden lege-hutsune handiei esker, gainera, ugaritu egin dira kontratazio-agentziak, eta zigorgabetasun osoz jarduten dute. Saioko lantaldeak telefonoz deitu du enpresa batzuetara, legea zehatz-mehatz errespetatzen duten edo leporatzen zaizkien legez kanpoko egoera horietan erortzen diren egiaztatzeko.

"360º" gaur izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, 22:15ean.