Itxi

telebista

Estreinaldia ETB-2n, gaur

'Operación Comète' gerra ostean girotutako amodio eta akzio telesaila

Bigarren Mundu Gerran Europako lerroetan jausten ziren hegazkin gidari ingelesak, euskaldun mugalarien laguntzaz, beren jatorrizko herrietara bidaltzeko eratu zen nazioarteko sarearen historia da.

Gaur, uztailak 20, Tentazioak ekoiztutako ''Operación Comète'', gerra ostean girotutako telesaila estreinatuko da. ''Mugaldekoak'' gaztelaniara bikoiztu den lehen barne produkzioko telesail osoa da. Telesailak 13 atal ditu eta ardatza Bigarren Mundu Gerran hegazkin gidari ingelesak, euskaldun mugalarien laguntzaz, beren jatorrizko herrietara bidaltzeko eratu zen nazioarteko sarearen historia da.

Tvmoviearen zuzendariak Fernando Bernues, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo eta Carlos Zabala dira. Pertsonaia protagonistak Mireia Gabilondo eta Isidoro Fernandez izango dira. Besteak beste, Sara Cozar, Iñaki Beraetxe, Matxalen de Pedro, Alberto Berzal, Iñaki Rikarte, Klara Badiola, Aintzane Gamiz, Getari Etxegarai eta Joxean Bengoetxea ere ikusi ahal izango ditugu lan honetan.

"Erronka eta esperientzia garrantzitsua izan da bai lan-talde teknikoarentzat eta baita aktoreentzat ere ekoizpen zaindu hau gaztelaniara egokitzea. Ikus-entzuleek ondo hartuko dutela uste dugu, emaitza oso txukuna izan baita", adierazi dute telesailaren arduradunek.

Telesailaren ardatz nagusietako bat, arestian aipatu bezala, gai historikoa da. Comète Sarea Bigarren Mundu Gerran Europako lerroetan jausten ziren hegazkin gidari ingelesak, euskaldun mugalarien laguntzaz, beren jatorrizko herrietara bidaltzeko eratu zen nazioarteko sarea da. Ingelesek, frantsesek, belgiarrek eta euskaldunek osatu zuten sarea.

Horrekin batera, eta beti ere gerra osteko giro honetan, herrixka bateko familia baten eta bertako herritarren istorioak ezagutuko ditugu; maitasuna, gorrotoa, traizioa, leialtasuna, sekretuak, gezurrak, aitormenak eta aurkikuntzak izango dira istorio eta trama ezberdinen osagaiak. Abenturak eta intrigak ere garrantzia izango dute telesailean.

Irudia ere asko zaindu da produkzio honetan, 1940ko hamarkada ondo isladatzeko kontu handiz landu dira makillajea, ile apainketa eta jantzitegi diseinuak. Arropa gehienak Madriletik ekarri ziren.

Kanpoan zein plato barruan grabatutako telesaila dugu ''Operación Comète''. ETBk Oiartzunen duen platoan grabatzeaz gainera, Goizueta, Artikutza, Azpeitia eta Etxalarren errodatu zituzten kanpoko eszenak. Barruko dekoratuak zine dekoratuak dira.

Arrisku eszenak ere grabatu zituzten: zaldi jazarpenak, kotxe istripua... Espezialista eta efektu bereziak ere izan ziren grabazioan.

''Operación Comète'' asteazkenero eskainiko da ETB-2n gaueko 22:00ak aldera.