telebista
Iñigo Asensiok aurkeztuta
'Bat to London 2012' saio berria hasiko da asteazkenean ETB Saten
A.H.
EITB
Bat Basque Team-ek London 2012ko jokoetan parte hartuko duten euskal kirolari olinpikoak aurkeztuko ditu.
Euskal kirolari olinpikoak eta paralinpikoak izango dira protagonista nagusi ETBSatek asteazken honetan, 2012ko Joko Olinpikoen inagurazio ekitaldirako urtebete falta den egunean, abian jarriko duen ''Bat to London 2012'' saio berrian. BAT Basque Team-ek, goi mailako euskal kirola nazioarte mailan sustatu eta babesten duen erakundeak, Kontrol Z produktorarekin elkarlanean, Iñigo Asensio kazetariak aurkeztuko dituen 25 minutuko 12 saio ekoiztuko ditu. Hilabeteroko maiztasunarekin eskainiko ditu ETBSat-ek eta Joko Olinpikoen hasierarekin amaituko da emanaldia.
''BAT to London 2012'' saioak Joko Olinpikoetarako sailkatu diren edota sailkatzeko aukera duten euskal kirolarien jarraipena izango du ardatz nagusi, Beijing 2008ko jokoetan lortutako arrakasta lortzeko asmotan arituko diren kirolariak; 35 euskal ordezkari egon ziren Txinan, horietako 11 diziplina paralinpikoetan. Lehenengo saioak, Pablo Carrera tiratzailea, Maider Unda borrokalaria eta Los Angeles 1984an domina lortu zuen Luis Mari Lasurtegui arraunlaria izango ditu protagonista, besteak beste.
''BAT to London 2012'' saioaren bitartez euskal kirolari olinpikoen prestaketa jarraitzeko aukera izango dute ikusentzuleek, sailkapena lortzeko asmotan jokatzen dituzten munduko nahiz Europako txapelketak barne, baita entrenamendu metodoak edota lesioen errekuperaketen gaineko azalpenak ere. Horrez gain, beste hainbat atal bilduko ditu saioak, hala nola, elkarrizketa landuak kirolariekin, hauen senitartekoekin, prestatzaileekin eta garai batean olinpiarrak izandako euskal kirolariekin. Gainera, saioren lan-taldeak Ingalaterrako hiriburuak urtebeteko epean biziko duen giroaren berri emango du Londresetik bertatik. Egun, olinpikoak ez diren diziplinetan ari diren BATeko kirolarien ibilbideak eta iritiziek ere tartea izango dute saioan.
Lehenengo saioa
''BAT to London 2012'' saioaren lehenengo emanaldia asteazken honetan izango da ETBSaten gaueko 22:30etik aurrera eta, besteak beste, Pablo Carrera tiratzaile bilbotarra izango du protagonista. London 2012rako ofizialki sailkatu den lehen euskal kirolariaria Madrilgo Blume erresidentzian entrenatzen ari da eta bertan jasoko du saioaren kameren bisita. Horrez gain, Maider Unda borrokalari gasteiztarrarekin egongo dira, bigarren aldiz Joko Olinpikoetan parte hartzeko atarian,belaunean izandako lesio larriaz errekuperatzeko egiten duen entrenamendu eta ahaleginen lekuko izango da Euskal Telebista. Beteranoei zuzendutako tartean, Los Angeles 1984ko ekitaldian olinpiar domina lortu zuen Luis Mari Lasurtegui arraunlariekin izango dute solasaldia.