Itxi

telebista

22:30ean

'Beldurretan arraunean' Maialen Chourrauti buruzko dokumentala, gaur, ETB1en

EiTB

Basque Team Fundazioaren babesarekin Iñigo Asensiok zuzendutako ikus-entzunezkoak piraguista gipuzkoarrak azken erronka olinpikoa nola prestatu duen erakusten digu.

0:35
Maialen Chorraut piraguista

Gaur gauean, Maialen Chourraut piraguista protagonista duen Beldurretan arraunean dokumentala estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30ean. Bertan, Katalunian bizi den kirolari gipuzkoarrak azken erronka olinpikoa nola prestatu duen ikusi ahalko dugu, Rioko Jokoetan urrea irabazi zuenetik Tokioko Jokoetarako txartel olinpikoa lortu arte. 

Basque Team Fundazioaren babesa du lanak, erakundearen beka duen kirolaria baita Chourraut, eta Iñigo Asensio kazetariak zuzendu, eta Korima Filmsek ekoitzi du, EiTBren partaidetzarekin

Beldurretan arraunean dokumentalak 2016an txapeldun olinpikoa izan zen eta 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen Lasarteko piraguistaren alderik ezezagunena ekarriko digu. Maialen banakako kirol batean metal preziatuena lortzen lehen euskal kirolaria izan zen, duela lau urte. 

Hala ere, Rio de Janeiron domina irabazi zuenetik Tokion lehiatzeko olinpiar pasea berriro lortu arteko prozesu guztia ez da batere erraza izan. Bidenabar, arazo fisikoei aurre egin behar izan die Maialenek, baita barneko beldurrei ere, eta horietan sakontzen du berak dokumentalean. Horietako batzuk umetatik etorri zaizkion beldurrak dira, eta beste batzuk, bizitzaren gorabeherengatik sortu zaizkionak, beste alderdi batzuk, amatasuna adibidez, maila goreneko piraguismoarekin uztartu behar izateagatik. 

63 minutuko dokumental honetan, Iñigo Asensio zuzendariak modu intimistan jasotzen ditu Maialenek berak egindako adierazpenak, batez ere, Brasilgo lorpen handiaren ondoren etorri den guztiari buruz. Maialen hurbil eta oso zintzo ageri da, ikusleari bere etxeko ateak zabalduz. Piraguistarenekin batera, bere inguru hurbileneko beste testigantza interesgarri batzuk jasotzen dira, hala nola bere senar eta entrenatzaile Xabier Etxanizenak, bere amarenak eta haurtzarotik lagun izan dituen beste piraguista batzuenak. Diziplina horretako beste izarrek ere hitz egin dute Maialeni buruz, Londres 2012an zilarra eta Rio 2016an brontzea irabazi zituen Jessica Fox australiarrak, adibidez.

Dokumentala osatzen duten adierazpen horiek eta beste asko jasotzeko, grabazio taldea Rio de Janeiro, Australia, Paue eta La Seu d 'Urgellera joan da, besteak beste. 

Basque Team Fundazioak goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzen du, euskal kirolariek goren mailako nazioarteko lehiaketetan ordezkaritza eta emaitza bikainak izan ditzaten ahalbidetuz. Maialen Chourraut Basqueteam markak islatu nahi dituen baloreen erreferente argi bat da.

Beldurretan ametsetan gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en. Ondoren, EiTB Nahieranen egongo da.