Itxi

telebista

'El Conquis'en 15. atala

Mery eta Santxo, Seleta eta Manu kapitain dituen bi taldeko fasearen lehen biktimak

EiTB

Manuk Seletari irabazi dio sokatiraren dueluan; beraz, Seletaren taldeko hiru kide joan dira duelura: Lander, Mery eta Santxo.

  • Mery y Santxo, kanporatuak

    Mery y Santxo, kanporatuak. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

"El Conquistador del Caribe" saioaren fase berriaren hasieran, Santxok eta Meryk bi gauza oso garrantzitsu argi utzi dizkiete lehiakideei: batetik, dueluak aurreko fasean baino askoz zorrotzagoak izango direla; eta, bestetik, zein izango den Seleta kapitain duen talde gorri berriaren estrategia izendapenetan.

Santxo atzeko atetik joan da etxera, dueluan bertigoaren ondorioz ez baita ausartu tranpolinetik jauzi egiten. Meryk askoz hobeto egin du: beldurrik gabe egin du jauzi hamar metroko altueratik eta lehen banderatxoa lortzeko urpean murgildu da, baina tranpolinera itzultzeko hamar metroko sokan gora egitea oztopo gaindiezina izan da hernaniarrarentzat. Pirataren oholaren duelutik onik atera den bakarra Lander izan da, erakustaldia eginda.

Abenturaren fase berriak ustekabean harrapatu ditu azken garaipena lortzeko lehian jarraitzen duten abenturazaleak. Bateratze fasearekin itsuturik zeuden guztiak, eta Manu Maritxalarren iritsierak eta bi talde berri sortu beharrak errealitate gordinera itzuli ditu. Kolpea latzagoa izan da Seleta buru duen Guaraguao talde berriarentzat, berriatuarrak Manuren aurkako dueluan porrot latza izan ondoren kanpamentu oso txiro berria ezagutu baitute. Gainera, talde irabazleak zuzenean duelura bidali du talde galtzaileko lehiakideetako bat, eta konturatu dira hiru lehiakideko dueluetan bi kanporatu egon daitezkeela. Kolpe latza hurrengo immunitate jokora begira.

Bi talde berriekin eta izendatzeko baldintza berriekin, taldeetako lehiakiderik indartsuenak dagoeneko ez daude arriskutik kanpo, eta, ondorioz, mundu guztia hasi da buruari eragiten, baita talde irabazleko lehiakideak ere. Fase berrian taktika berriek ez dute ezertarako balio, eta antzinako lagun minek ere gutxirako balio dute. Bat-batean guztia aldatu da, eta arazo berrientzat irtenbide berriak bilatu beharko dituzte.

Kapitain berriei dagokienez, bai Manuk baita Seletak ere aldeko eta kontrako iritziak jaso dituzte: Manuren esperientzia Seletaren grinaren aurrean, Manuren patxada Seletaren antolakuntzarako anabasaren aurrean… Aldekoak eta kontrakoak dituzte biek, baina, oraingoz, lehen rounda boxeolari ohiak eraman du. Ikusteko dago nola erantzuten duen Berriatuko kapitainak hurrengo atalean.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30 aldera, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.