telebista
21:00etatik aurrera
Josu Martinezi eskainitako gau berezia, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Zinemagile bilbotarraren bi dokumental izango dira ikusgai: "Gure sorlekuaren bila" eta "Lezo Urreiztieta. Jainkoak ez dit barkatzen".
Gaur gauerako programazio berezia prestatu du Euskal Telebistak, Josu Martinez zinemagile bilbotarrari eskainia. EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikerlari eta irakasle ere badenak zuzendutako bi dokumental izango dira ikusgai, 21:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en: Gure sorlekuaren bila eta Lezo Urreiztieta. Jainkoak ez dit barkatzen.
1956an, Hazparnen, ikusmira handiaren erdian, Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumental amateur bat estreinatu zen. Hurrengo hilabeteetan Parisen, San Frantziskon eta Dakarren proiektatu arren, haren arrastoa misteriotsuki desagertu eta ahaztu egin zuten. 60 urte geroago, Josu Martinez haren bila hasi zen. Lan hori biltzen du Gure sor lekuaren bila ikus-entzunezkoak.
Lezo Urreiztietaren ametsak eta borrokak biltzen ditu jarraian eskainiko den lanak. Lezo Urreiztieta XVI. mendeko pirata bat zen, okertuta 1907. urtean jaioa. Bere bizia arriskuan jarri, eta ehunka pertsonena salbatu zuen; Euskal Herriaren askatasuna negoziatu zuen atzerritar gobernuekin; Bilbon armaz betetako 17 itsasontzi sartu zituen Gerra Zibilean; Franco akabatzear egon zen… Hura hil eta berrogei urtera, Martin Ugalde idazlearen magnetofonoak haren istorio sinestezina ezagutaraziko digu, protagonistaren beraren ahotsaren bitartez. Elkarrekin 1975. eta 1978. urteen artean izandako elkarrizketa batzuk abiaburu harturik, film honek argitara aterako du XX. mendeko euskal historian funtsezkoa izan zen norbaiten lekukotza.
Gure sorlekuaren bila eta Lezo Urreiztieta. Jainkoak ez dit barkatzen dokumentalak gaur eskainiko dira ETB1en eta eitb.eus-en 21:00etan.