Itxi

telebista

Gaur gauean

Itxialdiko heroi anonimoei ahotsa emango die "Y la gente se quedó en casa" saioak

EiTB

Osasun arloko eta supermerkatuetako langileak, boluntarioak, zaintzaileak... izango dira aste honetako programako protagonistak.

  • Anbulantzia bateko langilea eta emakume bat, kalean.

    Itxialdiko heroi anonimoak protagonista. EiTBko bideo batetik lortutako irudia.

Itxialdiko zailtasunak gainditzen eta egoerari aurre egiten lagundu duten pertsona anonimoak izango dira protagonista igande honetako "Y la gente se quedó en casa" saioan. Heroi anonimoak izenburua du docu-reality berriaren bigarren atalak, eta, aurreko astean bezala, autograbazioak izango dira oinarria. Horien bidez jakingo dugu nola bizi izan duten pertsona horiek itxialdia eta nola egin dieten aurre zailtasunei.

Izan ere, egoera honetan asko dira denok aurrera egiteko lan egin duten pertsona anonimoak: osasun arloko eta supermerkatuetako langileak, banatzaileak, boluntarioak, zaintzaileak... heroi anonimoak guztiak ere. Igande honetako saioak horietako batzuei ahotsa emango die, eta honako sei istorioak gertutik ezagutu ahal izango ditugu:

-Amaiur eta Jon Ander alarma egoera ezarri bezperan ezkondu ziren, eta euren haurra jaio zain daude. Amaiur okina da supermerkatu batean eta Jon Ander, berriz, osasun langilea anbulantzia batean.

-Agerrek ere anbulantzia batean egiten du lan, gidari. Bere senarra Agerren amaren etxera joan da bizitzera, haurrekin, kutsatzeko arriskua ekiditeko.

-David nagusien egoitza bateko zuzendaria da eta erresidentzian igaro du itxialdia, emazte eta semearengandik urrun.

-Aritz gaztea bere herriko boluntarioen sareko kide da. Aitona isolatuta dauka, covid-19a dela-eta, eta aita, berriz, ospitalean ingresatuta.

-Oihanek jatetxe bat du familiarekin. Irekitzeko ezintasunaren aurrean, janari solidarioak banatzeari ekin dio.

-Maria Markel semearekin bizi da. Gaixotasun arraro bat du Markelek eta ama kezkatuta dago, ez dakielako nola eragingo dio egoerak semeari.

Horiek guztiek itxialdia nola bizi izan duten ezagutuko dugu, eta zein indar eta kemenarekin ekiten dioten etorkizun ezezagunari.

"Y la gente se quedó en casa: Heroi anonimoak" gaur gauean izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.