telebista
Kirolak
"Area Txikia" saioaren itzulera eta Iker Vicenteren errekor saiakera, asteburuan
EiTB
Euskal futbol taldeen jarduna adi-adi jarraituko du larunbatean ETB1era itzuliko den "Area Txikia" saioak. Otsagabiako aizkolariaren erronka solidarioa zuzenean emango da igandean.
-
Iker Vicente aizkolaria. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Espainiako Futbol Liga abian jarri den honetan, "Area Txikia" saioa ETB1eko programaziora itzuliko da asteburu honetan. Euskal taldeek jokatzen duten egunetan, laburpen bereziak eta protagonisten ahotsak bilduko ditu futbol saioak. Larunbatean, gauerdian, Espanyol-Alaves partida izango dute hizpide; igandean, 00:25ean, Athletic-Atlético de Madrid, Real Madrid-Eibar eta Reala-Osasuna norgehiagoketan gertatutakoa jasoko da.
Bestalde, igande eguerdian zuzeneko kirol emankizuna izango dugu ETB1en eta eitb.eus-en. Iker Vicente aizkolariaren errekor saiakera eskainiko da Navarra Arenatik 12:00etan. Birusa moztu lelopean, nafarra 14 kanaerdiko ahalik eta denbora azkarrenean mozten ahaleginduko da. Erronka solidario honetan bildutako dirua COVID-19ari aurre egiteko erabiliko da.
Pilotari dagokionez, larunbat arratsaldeko "Gure Bideoteka" saioan (18:00etan), Binakako Txapelketako zenbait final berreskuratuko dira ETBren artxibotik: Bengoetxea IV-Maiz II vs Oreja III-Aldazabal II (1984), Capellan-Beloki vs Etxaniz-Arretxe (1996) eta Gonzalez-Laskurain vs Xala-Zubieta (2010). Igandeko "ETB Kantxa Solasean" saioan (17:00etan), berriz, Mikel Urrutikoetxea izango da protagonista. Zaratamoko pilotariaren lau norgehiagoka aztertuko dituzte: Olaizola II vs Urrutikoetxea (2015ko Buruz Buruko finala), Urrutikoetxea vs Irujo (2014ko Lau T'erdiko finala), Olaizola II-Urrutikoetxea vs Irujo-Rezusta (2016ko Binakako finala) eta Urrutikoetxea vs Ezkurdia (2016ko Nafarroa Torneoko finala).
Amaitzeko, larunbat gaueko zesta punta tartean (23:10ean) 1995eko bi partida eskainiko dira: Donibane Lohizunen jokatutako Munduko Txapelketa, Konpa-Felix vs Katxin Uriarte-Atain, eta Masters Torneoko finala, Uriarte-Elizegi vs Rekalde-Goitia.