telebista
Nazioarteko informazioa
Irailaren 11ko atentatuen 10. urteurrenaren jarraipen zabala ETBn
A.H.
EITB
Olatz Arrieta korrespontsalak erreportaje bereziak eskainiko ditu aste honetan 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan.
ETBk aste honetan hasi du 2001eko irailaren 11n gertatutako atentatuen hamargarren urteurrenaren gaineko albiste jarraipen berezia. AEBtan ETBk duen berriemailea, Olatz Arrieta, Euskal Telebistaren aurpegi eta ahotsa izango da Zero Gunean. New Yorken izango diren ekitaldiez gain, gertaera garrantzitsu honek AEBtan eta mundu osoan izan zituen ondorioak aztertuko ditu. Duela hamar urte ere Olatz Arrietak egin zuen ETBn atentatuen gaineko kontakizuna New Yorketik zuzenean.
Aste honetan, ETBko albistegiek hainbat euskaldunen lekukotasunak eskainiko dituzte, pertsona ospetsuenak zein anonimoenak, irailaren 11ko gertaerak nola bizi izan zituzten jakiteko. Horrez gain, Olatz Arrietak hainbat erreportaje eskainiko ditu irailaren 11ko atentatuen inguruko gaietan sakonduz.
Besteak beste, World Trade Center berria eta Zero Gunean eraikiko den irailaren 11ko biktimen Memorialaz arituko dira erreportajeok eta New York hiriaren eguneroko bizitza hamar urte hauetan nola aldatu den ere aztertuko dute. Horrez gain, atentatuen biktimak izango dira protagonista eta oraindik mediku eta psikologoen laguntza behar duten biktimak presente egongo dira albistegietan. Gainera, dorre bikietan hil zen larrialdietako zerbitzuko mediku baten aita elkarrizketatuko du Olatz Arrietak. Bestalde, Ramon Aizarnarekin ere mintzatuko da; New Yorken bizi da Aizarna eta duela hamar urte jazotakoa kontatu zuen zuzenean ETBn. Berak ere lekua izango du irailaren 11ko gertakarien inguruko erreportaje hauetan.
Asteburuan informazioa zabaldu egingo da eta Mikel Reparaz ETBko albistegietako nazioarteko gaien arduraduna New Yorkera joango da Olatz Arrietarekin jardutera. Bertatik, bloke informatiboak koordinatuko ditu eta kalean gertatuko denaren berri emango du. Olatz Arrieta korrespontsalak, bere aldetik, zuzenekoak egingo ditu asteburuko albistegi guztietan Zero Gunetik. Hirian ospatuko diren oroimenezko ekitaldiak eskainiko dira eta horrez gain, irailaren 11ko gertakariek mundu osoan izan dituzten eragin eta ondorioak aztertuko dituzte: mundua hamar urte hauetan nola aldatu den, atentatuek gure inguruan izandako talka soziala, edota gertakari horiek hiritarren segurtasunean eta eskubideetan izan duten eragina aztertuko dituzte, besteak beste.
Igandean, irailaren 11n hain zuzen ere, BBC katearen dokumental bat eskainiko da eguerdiko 'Teleberri'aren aurretik 9/11, estado de emergencia izenburupean. Doku-drama honek politikari eta militarrek zein kaleko gizon emakumeek gerra berri honen aurrean hartutako jarrera zein den azalduko du.