Itxi

telebista

Aste honetan

Zinemaldiaren aurrerapena dakar 'EITB Kultura' saioak

A.A.

EITB

Felipe Ugarteren Mugaritz BSO eta Iurre Telleriak eta Enara Goikoetxeak zuzendutako El último paso film dokumentalak aurkeztuko ditu.

  • 'eitb kultura'

Donostiako Zinemaldia ate joka dugun honetan, bertan estreinatuko diren bi film aurkeztuko ditu aste honetan 'EITB Kultura' saioak aurrerapen gisa. Dokumental itxurako pelikulak dira biak ere: Mugaritz BSO eta El último paso.

Felipe Ugarte musikariaren lana da Mugaritz BSO. Jatetxe ezagunaren soinu banda osatu du, bertako jakien eta horiek prestatzeko erabiltzen dituzten osagaien jatorrian sakonduz eta herrialde ezberdinetara bidaiatuz. Zinemaldiak aurten estreinatuko duen Culinary Zinema sailean aurkeztuko du.

El último paso filma Iurre Telleria eta Enara Goikoetxeak zuzendu dute eta Bigarren Mundu Gerran antolatu zen Comète Sarean parte hartu zuten euskaldunen lana hartu du oinarri. Sei urteko ikerketa lanaren ostean egin du dokumentala. Bertan, hegazkin gidari britainiarren eta sareko kolaboratzaileen elkarrizketekin batera, fikzioa eta dramatizazioa bildu ditu.

Musikari eskainitako tartean, Miguel Salvador Project-en bigarren lana ezagutuko du 'EITB Kultura'k, Viaje a Etreum, eta dantzari dagokionez, berriz, Ertza konpainiaren Act of god ikuskizuna eta Eneko Alcarazen Sorginak kanpora! ekimena izango dira protagonista.

Azkenik, bi erakusketara joateko gonbitea luzatuko digu EITBko kultur tarteak: Donostiako Kur galerian Alfredo Alvarez Plagaro sortzaile gasteiztarraren margolanak daude ikusgai eta Gueñeseko Arenatzarte parkean Marijose Recalderen eskultur lanak.

'EITB Kultura' astelehenean dago ikusgai ETB-1en 22:50ean, asteartean 00:55ean ETB-2n eta ostiralean 22:30ean ETB-3n.