telebista
Igandean
Lauroba, Haitzama eta Surfin Kaos, 'Beste Bat' saioan
A.A.
EITB
Herriz herri emanaldiak eskainiz dabiltzan musika taldeen egunorokoa.
-
'Beste bat'
Lauroba, Haitzama eta Surfin Kaos taldeekin osatuko dute aste honetako 'Beste Bat' saioa, igandean, 22:05ean, ETB-1en.
Aurreko atalean ezagutu zuten Lauroba taldea. Euren disko berriaren grabaketan murgilduta dabiltza donostiarrak. Baina, hala ere, kontzertu bat edo beste egiteko tartea ere topatzen dute. Aste honetan Iruñeko Caballo Blanco gunean emango duten kontzertuan izango dira.
Haitzama taldeak plazarik plaza ematen ditu udak. Atsedenik gabe ibiltzen dira errepidean gora eta behera. Honako honetan hiru emanaldi pilatu zaizkie asteburu bakar batean. Bakoitza Euskal Herriko txoko ezberdin batetik datorrenez, denbora aurrezteko, etxe berean egin dute lo guztiek. Ohetik aterako dituzte eta euren nondik norakoa kontatuko dute. Gero, kontzertuan ikusiko dituzte, Algortako paella egunean. Jai egun euritsu bati berotasuna jarriko diote euren latindar erritmoekin. Izan ere, latindar kantu ospetsuak euskaratzea da euren ezaugarri nagusienetariko bat.
Surfin Kaos taldeak ere kontzertua dauka Soraluzen. Kontzertu berezia da hirukote donostiarrarentzat, bira honetako azkena izango baita. Urte asko daramatzate elkarrekin eta hamaika pasadizo kontatuko dituzte 'Beste Bat' saioko kameren aurrean, eszenatoki gainean aurtengo birari agur esan aurretik.