Itxi

telebista

ETB-1en

Astelehenean abiatuko du 'Mihiluze'k bere zazpigarren denboraldia

EITB

Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok gidatzen duten lehiaketak bi proba berri estreinatuko ditu: Katea eta Gurpila

  • 'Mihiluze'

    'Mihiluze'

ETB-1eko 'Mihiluze' lehiaketak bere zazpigarren denboraldiari ekingo dio datorren astelehenean, irailak 19an, 21:20an. Kike Amonarriz eta Ilaski Serranoren eskutik, bi proba berri ezagutuko dituzte hizkuntzarekin jolastera datozen lagunek: Katea eta Gurpila.

Jada klasiko bihurtu den programa honetatik Euskal Herri osoko eta adin guztietako 2.000 lehiakide inguru pasa dira eta 800.000 euro baino gehiago banatu dira saritan, ETB1-eko lehiaketa batek inoiz banatu duen diru-kopururik handiena. Jolasa eta dibertsioaren arteko uztarketa eginez, 900. programara bidean da Orio ekoiztetxearen saioa. Gabonak aurretik ospatuko dute balentria ikus-entzuleekin.

Bi proba berri

Programari hasiera emango dio Katea proba berriak: hiru aukeren artean erantzun egokia zein den asmatu beharko dute lehiakideek. Erantzun egokia desagertu eta hurrengo galderan beste aukera bat erantsiko zaio kateari.

Gurpila proban, berriz, sei letrekin jokatuko dute. Letrak nahasturik agertuko zaizkie lehiakideei eta definizio jolasti eta zirtolarien laguntzaz asmatu beharko dituzte hitzak.

Ohi bezala, egunero 1.000 euro jarriko dira jokoan. Iaz, denboraldia amaitzear zela Xanti Sudupe tolosarrak eta Antton Cuadrado alegiarrak 26.165 euro irabazi ondoren, 5.195 euroko zakuarekin jolasean hasiko da 'Mihiluze'ren zazpigarren denboraldia. Nor baino nor, aurreko denboralditik datozen bi bikote, Naroa Uzkudun eta Lorea Berasategi (Tolosa) eta Jon Otxotorena eta Peru Iurramendi (Hernani), eta bikote berri bat: Roke Ojanguren eta Itsasne Lauzirika (Muxika-Gernika).

'Mihiluze'ren grabaketa eguna

'Mihiluze'ko grabazio eguneko produkzio plana oso estua izan ohi da. Egun batean bost saio grabatzen dira, goizez bi eta arratsaldez hiru. 'Mihiluze'ko lan-talde osoa goizean goiz hasten da lanean egun hauetan. Batzuk lehiakideak hartzen dituzte, goizeko 9ak aldera iristen baitira lehen saiora datozen lehiakideak. Saioaren nondik norakoak azaldu ondoren eta ondo gosaldu ostean, makillajetik eta ile-apaindegitik pasatzen dira eta platorako bidea hartzen dute. Platora ondo gosalduta sartzea oso garrantzitsua omen da grabaketak umorez eta indarrean hasteko.

Errealizazioaz eta teknikaz arduratzen direnek dena prest jarriko dute grabaketari ekiteko. Erredakzioa osatzen dutenek, berriz, probei azken begiratua ematen diete eta publikoaz arduratzen direnek azken orduko arazorik ez dela izan berretsiko dute.

Argiztapena, audio kontuak eta kamaren kokapenak zehaztuta, 'Mihiluze'ren grabaketak hasten dira. Saio bakoitza ia ordubetez luzatzen da eta batetik bestera ordu erdiko atsedenalditxo bat egoten da, beharrezkoak diren aldaketak egiteko.

Grabaketa egun bakoitzean zehar 18 lehiakide igarotzen dira 'Mihiluze'tik eta publiko gisa 110tik gora lagun, goizean 55 bat inguru eta arratsaldean beste horrenbeste. Beraien zereginik nagusiena da saioari bizitasuna eta emozioa ematea, txalo zaparradak eskaintzea, edo lehiakideen hutsak pena ozenez adieraztea. Tartean hamaiketakoa edo merienda gozoa ere izaten dute.

Aurkezleentzat ere egun betea eta trinkoa izan ohi da grabaketa eguna. Bost saio grabatzeak, bost saioetako materiala ikastea eta menperatzea eskatzen die, arropa bost aldiz aldatzea... Baina nabari da lana gustuko dutela, horiek guztiak irribarrea eta umore ona galdu gabe egiten dituztelako.

Arratsaldeko 7ak aldera amaitzen da 'Mihiluze'ko grabaketa eguna. Egunak eman duena errepasatzeko afari-merienda bat egiten da lehiakide eta aurkezleekin. Hurrengo egunean, hurrengo asteko grabaketarako materiala eta probak prestatzeari ekiten zaio.