Itxi

telebista

25. urteurrena ospatzeko

"LND" saioak eskainitako lehen pelikula ikusteko aukera, oraingoan pantaila handian

EiTB

"La Noche de..." saioaren lehen emanaldia gogora ekarriko dugu. Donostiako Cristina Enea Parkean izango da hitzordua, eta "Bram Stoker's Dracula" pelikula proiektatuko da bertan.

  • Felix Linaresen irudia, "LND" saioaren 25. urteurrenaren ospakizunen harira.

    Felix Linaresen irudia, "LND" saioaren 25. urteurrenaren ospakizunen harira. Argazkia: EiTB.

"La Noche de…" saioa ospakizunetan murgilduta dago. Hilabete honetan 25 urte beteko ditu zinema hizpide duen Euskal Telebistako saio entzutetsuak, eta urteurren berezi hau jarraitzaile guztiekin ospatu nahi du. Horretarako, ikaragarrizko gaua antolatu du. Hala, "La Noche de…" saioak orain 25 urte eskainitako lehen pelikula ikusteko aukera izango dugu; oraingoan, baina, pantaila handian eta izarpean.

Donostiako Cristina Enea parkean izango da eta bertan Bram Stoker's Dracula (1992) pelikula proiektatuko da, orain 25 urte "LND" saioan ikusgai izan zen lehen filma. Oraingoan ere, Felix Linaresen eskutik, nola ez. Gau berezia izango da, eta ez dira faltako zirrara, izua eta, ohi bezala, zinemarik onena. 

Bertan egoteko nahikoa izango da gonbidapena lortzea, "LND" saioaren webgunearen bitartez. Guztira, 100 gonbidapen bikoitz banatuko dira.

Hitzordua irailaren 24rako zegoen aurreikusita, baina eguraldi aurreikuspenak kontuan izanda, urriaren hasierara atzeratu behar izan da. Data zehatza baieztatu orduko, hemen bertan jakinaraziko da. Jada zozketan izena eman dutenek ez dute berriz ere egin behar. Bestalde, norbaitek bertara joaterik izango ez balu, nahikoa izango da gonbidapena lortutakoan jakinaraztea.

Bram Stoker's Dracula

Francis Ford Coppolak zuzenduta, Gary Oldman, Winona Ryder, Anthony Hopkins eta Keanu Reeves dira pelikulako protagonistak.

Transilvaniako printze liluragarriaren istorioa hizpide duen klasikoaren bertsioa da. Ekialdeko Europatik XIX. mendeko Londresera egingo du bidaia printzeak (Gary Oldman), maitasunaren bila. Izan ere, mendeen ondoren, erortzear dagoen bere gazteluan bakarrik bizi da; baina gizakionganako grina gero eta indartsuagoa da Dracularengan, eta horrek isolamendutik aterako du. Mina (Winona Ryder) ezagutuko du, galdutako maitasunaren berragertze gisa agertuko zaion neska gaztea, eta biak erromantizismoz betetako pasiozko bidaia izugarrian murgilduko dira.