telebista
Euskal dantza ETBn
Euskal Herriko XXXV. Dantza Txapelketa, asteazkenean ETB-1en
A.E.
EITB
Joan zen igandean jokatu zen Segurako Baratze pilotalekuan.
-
Euskal Herriko Dantza Txapelketa. Argazkia: EITB
Asteazkenean, urriaren 12an, XXXV. Euskal Herriko Dantza Txapelketa eskainiko du ETB-1ek 22:00etan. Segurako Baratze pilotalekuan joan zen igandean jokatu zen eta hamar bikote ariko dira nor baino nor oholtza gainean.
Hamar bikote horiek, ohi denez, bakoitzak fandangoa txistuz eta arin-arina trikitiaz dantzatuko dute. Honako hauek dira parte hartzaileak: Bergaratik, Aritz Arrillaga eta Amaia Bolinaga; Ibarratik, Itziar Doyharzabal eta Amaiur Luluaga, eta Goreti Galarraga eta Maria Camarero; Sestaotik, Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas; Hernanitik, Xabier Segura eta Lierni Martiarena; Lezotik, Iker Sanz eta Lierni Kamio; Trapagatik , Oihan Martinez eta Ibabe Beristain; Azpeititik, Jon Ibarguren eta Idoia Besada; Errenteriatik, Aitor eta Uxue Arrieta, eta Santurtzitik, Lander Campos eta Haizea Hormaetxea.
Aurten ere Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute saioa. Epai-mahaiaren balorazioa ere bilduko dute emanaldian eta, horrez gain, parte hartuko duten dantzari bikoteen iritzi eta inpresioak jasoko dituzte ETB-1eko saiorako. Agustin Ezenarro kazetariak egingo ditu elkarrizketak. Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, halaber, Sor-K ikuskizuna eskainiko dute Aiert Beobideren zuzendaritzapean.
Euskal Telebistak lotura luzea du Euskal Herriko Dantza Txapelketarekin. Aurten 17. urtea izango da ETB-1ek txapelketa ematen duela ikus-entzuleen erantzun ona jasoz.