telebista
Oihana Jauregik aurkeztuta
Galileo sistema aztergai, aste honetako 'Teknopolis' saioan
A.A.
EITB
Horrez gain, Raynaud, pilotari askok pairatzen duten gaitza, ezagutuko dute Ander Letamendiarekin eta Oier Zearrarekin.
-
'Teknopolis'. Argazkia: EITB
Jesus Arregi astrofisikariaren eskutik, Galileo sistemaren inguruko zalantza guztiak argituko dituzte aste honetako 'Teknopolis' saioan. Urteak daramatza Europar Batasunak Satelite Bidezko Nabigazio Sistema garatzen. Baina egun gutxi barru urrats garrantzitsua emango dute. Sistemaren lehen bi sateliteak jaurtiko dituzte espaziora. Eta, pixkanaka-pixkanaka, sistema hori 30 satelitez osatutako konstelazio edo sarea izango da. Beste zerbitzu batzuen artean, GPSak bezala, non gauden eta norabait joateko zer bide egin behar dugun esango digu; baina zehaztasun handiagoarekin.
Pilotarien artean oso ezaguna eta mingarria den gaitz bat, Raynaud sindromea, ezagutzeko parada ere hartuko du ETBko saioak. Eskuetako zainak uzkurtu eta behatzetako odol-zirkulazioa eteten denean garatzen da. Ander Letamendia medikua kirurgia baskularrean aditua da eta eskuetako ebakuntzak egiten ditu, besteak beste, Oier Zearra pelotariari egindakoa. Beraiekin izango dira.
Ondorengo erreportajean denboran atzera egingo dute. Erdi Aroko Gasteiz nolakoa zen jakiteko erreminta berria garatu dute Tecnalian. Gasteizko erdigunearen alegiazko erreprodukzio bat egin dute hiru dimentsioan. Baina horretarako, software berezia erabili dute, hiriko elementu guztiak automatikoki eta bat-batean sortzeko aukera ematen duena.
Amaitzeko, Orain, hemen atalean, hizkuntzak mugikor bidez ikasteko sistema aurkeztuko dute, Moblang.
'Teknopolis'ek larunbatean du lehen emanaldia ETB-1en, 21:00etan. Igandean 11:25ean ETB-2n ikus daiteke eta 15:30ean ETB-1en. Azkenik, asteazkenean 22:30ean emango da ETB-3n.