telebista
22:30ean
"Euskaraldia: Gehiago" saio berria, astelehenetan, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Edurne Azkaratek eta Antton Telleria aurkeztuta, lau atal izango ditu guztira. Euskararen inguruko testigantzak biltzeaz gain, ariguneen inguruan ere arituko dira.
-
Antton Telleria eta Edurne Azkarate, aringuneen logoarekin. Argazkia: EITB
"Euskaraldia: Gehiago" saio berria estreinatu da ETB1en eta eitb.eus-en. Euskaraldia oinarri hartuta programa berezia da, Edurne Azkaratek eta Antton Telleriak aurkeztuta. Guztira lau atal izango ditu, azaroaren 9an, 16an, 23an eta 30ean (astelehenetan) emitituko direnak. Aurtengo Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4a arte izango da; beraz, bi saio Euskaraldia hasi aurretik emitituko dira eta beste bi Euskaraldia martxan dela.
Orokorrean Euskaraldiaren inguruko gaiak izango dituzte hizpide eta bi ardatz nagusi izango ditu programak. Batetik, euskararen inguruko testigantzak emango dizkiguten pertsonak elkarrizketatuko dituzte: euskara ikasi duten etorkinak, ikasten ari direnak, bertakoak izanda euskaraz inoiz hitz egin ez eta ikasten hasi direnak edota euskararen inguruan istorio hunkigarriak dituztenak. Bestetik, aurtengo Euskaraldiko nobedadeak izango diren ariguneei helduko diete, euskaraz zerbitzua eman eta bertan euskaraz hitz egiteko bermea eskainiko duten enpresa, denda eta hainbat elkarteetara hurbilduko dira.
Hau guztia erakusteko, Edurne Azkarate eta Antton Telleria arituko dira gidari lanetan. Edurne Euskal Herri osotik ibiliko da euskararen inguruko testigantza harrigarri eta hunkigarrienak ezagutzen; Antton, aldiz, ariguneak sortu dituzten denda eta elkarteekin arituko da, arrandegi, harategi, gimnasio edota arropa dendetako langileekin, besteak beste. Horrez gain, arigune bakoitzean lantzen edota aipatzen diren hitzen hiztegia ere osatuko du Anttonek. Esaterako, arrandegi batean, arrain mota ezberdinen eta lanerako behar dituzten tresnen hiztegiak landuko ditu.
"Euskaraldia: Gehiago" saio berria astelehenetan izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.